Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Klaustroa 2007-2008 ikasturteko
lehenengo bilera egitekoa zen gaur, Leioa eta Erandioko campuseko areto nagusian. Alabaina, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektorea hitzaldia ematen ari zen unean, bertara sartu dira ehun bat ikasle, eta oholtzara igota haren jarduna eten dute, Berria.info agerkari digitalak
zabaldu bezala. Errektorea oholtzatik jaitsi da eta ikasleek han jarraitu dute. Ordu laurden igaro eta ikasleek han segitzen zutela ikusita, saioa bertan behera uztea erabaki du Perez Iglesiasek, eta klaustroko kideek alde egin dute. Ondoren, beste hamar bat minutuz aula magna barruan jarraitu dute ikasleek, eta, ostean, irten eta manifestazioan joan dira Errektoretzaraino. Protesta horren bidez, Bolognako Prozesuaren kontrako jarrera agertu nahi izan dute ikasleek. Azkenaldian, ugariak izaten ari dira Bolognaren aurkako protestak unibertsitatean. Besteak beste, azaroaren amaieran, euskal unibertsitatearen alde "hitza hartzera"
deitu zuen (argazkian) Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE). Ikasle Abertzaleek (IA), berriz, Euskal Herri mailako manifestazioa deitu dute abenduaren 20rako Erandio eta Leioako campusean.