Makroprozesua hasi zenetik hamar urte bete direnean, "Espainiako inkisizioak ebazpena eman du: torturak, kartzela eta heriotza Euskal Herriaren nazio izaerari", salatu dute Iñigo Elkoro eta Jose Ramon Aranguren auzipetuek. Inma Berriozabal eta Jose Luis Elkoro ere egon dira beraiekin batera. Arangurenen arabera, 18/98 auzia "Euskal Herriaren" eta "herri oso baten borroka eta erabakiaren" kontrako epaiketa da. Ildo berean, abenduaren 19an publiko egingo duten sententziak "independentismoaren alderdi esanguratsuenari biziarteko zigorra" jarri diola adierazi du. Egin-en argitaletxearen kontseilari ohiak PSOE kritikatu du "EAJrekin batera bake prozesua hautsi zuelako" eta "gure eskubideak eztabaidatzea eta hasiera batean hitzartutako metodoak ukatu zituztelako". Haren ustez, "prozesua egon ala ez, PSOEren helburua euskal independentismoa zapaltzea izan da".
Euskal Herriaren ordua
"Orduz ordu bihar, egunez egun eta belaunaldiz belaunaldi milaka euskal herritar aurrez aurre" izango dituztela iragarri du Arangurenek. Horregatik, uste du bihar 12:00etatik 13:00etara egitekoa den lanuztean "milaka langile, ikasle eta erretiratu" izango direla. Azkenik, argi adierazi du zein izan behar duen euskal herritarren helburua. Haren arabera, "lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea dira helmugak" eta horretarako lanuztean parte hartzeko deia egin du, "iristea baita garaipena". "Borrokatzeko garaia da, Euskal Herriaren ordua da" esanez amaitu du prentsaurrekoa.
Protesta Bilbon
Bilboko Buenos Aires kalean dagoen Justizia Jauregira sartu dira gaur 25 lagun, "Euskal Herriaren idenpendentziaren bidean lotu borrokari" leloa zeramaten hainbat kartel eskutan hartuta. Bertan, 18/98 makroprozesuaren ondorioz atxilotutako lagunen askatasuna aldarrikatu dute, besteak beste. Independentziaren aldeko leloak ere oihukatu dituzte bertan bildutakoek. Sartu eta bost minutura ordea, Ertzaintza abiatu da Justizia Jauregira eta protestan parte hartzen ari zen oro identifikatu dute. Haietako batek EHNA erakutsi dio Ertzaintzari eta horren ondorioz atxilo eraman dutela jakinarazi dute lekukoek.
Mobilizazioak eskualdean
Lanuztearekin batera hainbat mobilizazio deitu dituzte Uribe Kosta eskualdean biharko. Besteak beste, 12:00etan Areetako Xake plazan eta Leioako Boulevardean jarri dituzte hitzorduak; 19:30ean, berriz, Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan; eta, azkenik, 20:00etan Algortako Telletxe plazan eta, berriro ere, Leioako Boulevardean. Angela Murillo epaileak espetxeratzea agindutako 33 lagunen artean dira Paul Asensio Algortako semea eta Barrikako auzokidea eta Erandio eta Leioako campuseko irakasle Jexux Mari Zalakain.