Getxoko lau ikastetxe pribatuk ere emango dituzte diruz lagundutako antzerki eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 12a, 20:27

Getxoko Udalak diru-laguntza emango die Algortako San Nikolas ikastola eta Santisima Trinidad ikastetxeari eta Getxoko Azkorri eta Nuestra Señora de Europa ikastetxeei, 2008an antzerki eskolak eman ditzaten. Orain arte, udalerriko herri ikastetxeetan baino ez zituzten ematen, baina "oso harrera ona duenez", eskaintza zentro pribatuetara ere zabaltzea erabaki dute. Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren eta bosgarren ikasturteetako eta DBHko lehenengo zikloko 820 ikasle (iaz 700 izan ziren) parte hartzen ari dira antzeki eskoletan, 37 tailerretan banatuta, udal iturriek emandako datuen arabera. Lan horretaz Getxoko Ume Antzerkia Bultzatzeko Elkartea (GUABE) arduratzen da. Ikasgeletan landutakoa ekainean egiten dituzten Eskola Antzerki Jardunaldietan erakusten dute neska-mutilek, Algortako Getxo Antzokian. Diru-laguntzetan 120.000 euro emango ditu tokiko erakundeak.

"Udalerrian dauden bost ikastetxe pribatuetatik lauk ekimenean parte hartzeko nahia agertu dute", azaldu du Begoña Ezkurra Hezkuntzako zinegotziak. Horrela, Getxo udalerrian antzerkiak ibilbide luzea duela eta oso errotuta dagoela gaineratu du, eta 2008an Getxoko Udalak egitasmo honetan 120.000 euro gastatuko dituela jakinarazi du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun