Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen koordinadorak deituta, Abiaduta Handiko Trenaren (AHT) aurkako manifestazioa (argazkian kartela) izango da, larunbat honetan, abenduak 15, Arrasaten (Gipuzkoa). Martxa 17:00etan abiatuko da herriko plazatik. Horrenbestez, Getxoko Txorimalo eta Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxeek autobusak jarri dituzte bertara joateko. Txartelak eskualdeko ohiko lekuetan daude salgai, 5 euroren truke. Bitartean, mobilizazio nagusiari begira, AHTren kontrako ekimenak biderkatuz joan dira egunotan, Gaztesarea webguneak zabaldu bezala. Durango, Larrabetzu, Donostia... izan dira horien lekuko. Besteak beste, sei lagun atxilotu dituzte gaur, Arriaga eta Pilar auzoaren arteko zubira igo direnean "negozioaren trenaren" aurkako pankarta bat eskegitzeagatik. Apirilaren 26an Bilboko Abandoko tren geltokiko ADIF erakundearen bulegoetan sartu ziren 15 lagunek, berriz, bihar izango dute epaiketa. Azkenik, larunbaterako deia luzatu du AHT Gelditu! elkarlanak.