18/98ko auziperatuek eta espetxeratutakoen senitartekoek deitutako lanuzteari aise erantzun diote gaur goizean Uribe Kostan eta Erandion. Izan ere, "Euskal Herriaren eskubideen alde, egitasmo politiko guztiei aukera demokratikoa!" lelopean, dozena bat mobilizazio baino gehiago burutu dituzte eskualdeko beharginek eta ikasleek, auzia "astakeria judiziala eta politikoa" dela salatzeko. LABek, IAk eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak emandako datuen arabera, 150 bat ikasle eta irakasle kontzentratu dira Getxoko Aixerrota institutuko patioan; Erandion, berriz, 85 pertsona batu dira udaletxe aurrean; Leioan, ordea, manifestazioa egin dute 75 bat auzokidek; Algortan (argazkian), Areetan eta Berangon, hurrenez hurren, 45, 35 eta 10 lagun batu dira. Azkenik, lanuzteak izan dira ere Berangoko Alconza, Urdulizko Igeltxera industrialdeko Dismodel, Mecaner eta Permesa eta Leioako Vicrila enpresetan zein Gorlizko ikastetxean, besteak beste.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!