Barrikako Udalak udal aldizkariaren zero zenbakia kaleratu du eta Udalak jakinarazi duenez, "bere orrialdeetan herriak sortzen duen informazio guztia biltzea" espero du. Aldizkaria hiru hilean behin kaleratuko da euskaraz eta gazteleraz, eta iturri ofizialen arabera "udalerrian sortzen diren berri adierazgarrienak aurkeztuko ditu, udalarenak, talde ezberdinenak eta herritarrenak, noski. Barrika osatzen duten auzoetan sortzen diren albisteen oihartzun izan nahi du, iritzi eta jakin-minak biltzen, guztioi lekua emanez: dendari, hostalari eta auzoko gazte eta helduei". Aldizkaria etxeetan eta elkarte, kultur etxe, egoitza eta udal eremu guztietan banatuko dute. Gainera, izen bila dabilen baina oraingoz "Barrika" izendatu duten udal aldizkaria Barrika.net webgunearen sostengua eta osagarria izango da. Edukiei dagokienez, hauek era askotakoak izango dira: kultura, kirolak, elkarteen atala, elkarrizketak, albiste orokorrak, udaletxeko berriak, Uribe Kosta Mankomunitateko ekimenak, eta abar luze bat, beti ere Barrikako Udalak jakinarazitakoaren arabera.