Zabor hondakinak eta klima-aldaketa, Tokiko Agenda 21 ekimenean ikasturte honetarako proposatutako gaiak izanik, bi horiek dira eskola-umeek Ingurumen Gelara egingo duten bisitalditxoan jorratuko dituztenak. Ikasturtea hasi zeneteik eta urtea amaitu bitartean Getxo udalerria, Leioa, Bilbo, Barakaldo eta Derioko 17 eskoletako 1.504 ikasle igaroko dira. Gainera, ekaina bitartean beste 1.581 eskolumeren bisita baieztatuta dago eta, hitzartuta baina oraindik baieztatzeke, beste 3.690rena. Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. maila artekoak, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. milakoak eta Batxilergoko ikasleak dira. Ikastetxe batzuek hala eskatu dutelako ere, haurrentzako eskola materiala ere ari dira prestatzen, udaberritik aurrera banatzeko asmoz.
Bestalde, bisitari orok jaso ahal izango du ingurumenaren gaineko arriskuen eta hauek bideratzeko egin ahal dugunaren ganeko informazioa. Transferentzia gunera ere hurbildu ahal izango dute, hondakinen bilketa selektiboa eta zabortegian berreskuratzeko lanen berri izateko. Egunero 60 laguneko taldeak hartzerik badauka areto berriak.
Helburuak
Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “ingurumenaren ikuspuntutik inguruko elementurik adierazgarrienak, bai naturalak, bai hiriko ekosistemakoak, ezagutzera ematea; gizakiaren jardunak ingurugiroan duen eragina azaltzea; ingurumena zaindu eta hobetzeko jokaerak garatu, eta, informazioaren, heziketaren eta herritarren partaidetzaren bitartez gure inguruan garapen jasangarria sustatzea” dira ekipamendu berriaren helburuak. Tokiko Agenda 21ean jasotako helburuei erantzuteko sortu dute ingurumen gunea eta bere instalakuntzak Getxoko Udalaren eta haien %80 ordaindu duen Europako Kohesio Fondoaren arteko lankidetzari esker egin ahal izan dira. Gunean egindako inbertsioa 1.400.000 eurokoa izan da, eta guztira, honekin batera egindako transferentzia plantarekin eta Garbigunearekin, 5.200.000 euro inbertitu dira, udal arduradunen arabera.
Hiru sailetan banatuta
Ingurumen gela hiru sailetan dago banatuta. Lehenengoak udalerrian daukagun biodibertsitatea erakutsiko du, ikuspegi orokorra emanez eta udalerrian diren hiru ekosistemak ardatz hartuta: landazabal atlantikoa (baserrialdea eta bertako basotxoak); kostaldea (Galeako itsaslabarrak, hondartzak eta Algortako Portu Zaharra); eta Bolueko hezegunea (landareak eta fauna). Gai hauek erreportai moduan eta hormirudi handiekin azalduko dira. Halaber, aipatu lorategi botanikoa ere badago; Getxo eta inguruko landare eta fauna ezagunenak jasotzen ditu horrek.
Bigarren arlo batean, erakusketa izango da laguntza didaktikoa eskaintzeko eta, hondakinen arazoa, uraren kudeaketa, energia, aztarna ekologikoa eta Agenda 21 bezalako gaiak aztertzea ahalbidetuko duena. Parte hartzea sustatuko du erakusketak eta dibertigarria izango da aldi berean. Horretarako informatika programak sortu dituzte olgetan ikasten laguntzeko. Jolas eta eskulanen heziketa tailerra izango du, baita erakusketa gelatxoa ere, Udalak ingurumenari lotuta bultzaturiko jarduera guztiak eta ingurumenari lotutako Getxoko agiri sortak jasotzeko.
Azkenik, jolas guneajarri dute, herritarren gozamenerako eta aisialdirako ingurua da. Umeentzako jolasak, piknik-mahaiak, komunak, eta abar ditu, bisitari guztiak elkartzeko eta gozatzeko gunea izango dena.