Metroak goizago ibiltzen hastea eztabaidatuko dute bihar Bizkaiko Batzar Nagusietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 13a, 18:55

Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura, Garraio eta Hirigintza Batzordeak bilkura egingo du ostiral honetan Bilbon, bertan Metro Bilbaoko zerbitzuen ordutegiari buruz jardungo dutela. Eskualdea zeharkatzeaz gain, Uribe Kostako eta Erandioko herritar ugarik erabiltzen dute garraio hori. Batetik, ibilbide guztian metroak goizeko 5etan ibiltzen hasi eta gaueko 12etan geldi daitezela eskatzen dute EB-Berdeek, PPk eta PSE-EEk. Azaroaren 8an aurkeztutako arauz besteko proposamenean (pdf) azaldu bezala, hiru taldeek "arrazoi eskasa" deritzote, eskaera ez onartzeko Bizkaiko Garraio Partzuergoek emandako argudioari, hots, "horrek etekin ekonomiko urria dakarrela". EAJ, berriz, "jakitun dago" azken horretaz; "edozelan ere, behar besteko datuak izan eta erabakirik arduratsuena hartzekotan", beharrezko ikusten dute "ezer baino lehen gizarte errentagarritasunari buruzko azterketa" egitea. Eusko Abertzale Ekintza (EAE) ere azterketa egitearen alde dago, aldaketa eginez gero, metroa "zenbat pertsonek erabiliko luketen eta kostu ekonomikoa zenbatekoa izango litzatekeen jakiteko”. Biek ala biek zuzenketa bana (pdf) aurkeztu diote gainontzekoen proposamenari. Argazkian, Ezker Batukoek metroen hasiera ordua aurreratzea eskatzeko sinadurak biltzen Berangon, 2005eko azaroan.

Gaur egun, metroa da herritarrek gehien erabilten daben garraiobidea, batetik bestera ibilteko eta batez ere lanpostuetara heltzeko, Jose Ferrera (EB-Berdeak),
Jesus Isasi (PP) eta Josu Montalban (PSE-EE) batzarkideen ustez. Euren hitzetan, "egunero-egunero gero eta herritar gehiagok eskatzen dute garraio publiko horren hasiera ordua aurreratzea". Eta horren adibide jarri dute horretarako batutako milaka sinadurak eta, besteak beste, Getxoko Udalbatzarrak 2005eko apirileko osoko bilkuran horren inguruan hartutako erabakia. Sestaoko Udalarekin bat eginez, batzar horretan aho batez onartu zuten ordezkaritza zuten alderdi guztiek metroak goizeko 5etan ibiltzen hastea eskatzea, "6:00ak baino lehen lanera sartzen direnek ere erabili ahal izateko".

Garraio guztiak bat

Andoni Arriolak (EAE), ordea, lurraldeko garraiobideek azterketa sakona behar dutela uste du: "Metro zerbitzuaren ordutegia luzatzea ideia ona izan daiteke, baldin eta arinago errealitatearen azterketa bat egina dugunean. Horretarako eskatzen dugu azterketa bat egitea, ez bakarrik metroari begira baizik eta Bizkaiko garraio guztia kontuan hartuko duena, ondorioak garraiobide guztiak kontutan hartuta izateko", dio berak. Hori dela eta , garraioa ordenatu eta gestionatzeko organo bat sortzea eskatzen dute ekintzaileek, "Bizkaiko Garraio Partzuergoak dituen hutsuneak gainditzeko". Izan ere, ez daude lurraldeko garraio guztiak partzuergo horretan, "horrek suposatzen duen koordinazio faltarekin".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun