Mila lagun baino gehiagok utzi dituzte ordu betez eskolak Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 13a, 19:41

Gaur, "18/98ko aizuperatuen espetxeratzea zein Euskal Herrian pairatzen dugun eskubide zibil eta politikoen urraketa salatzeko" deituta zegoen lanuzteak jarraipen jendetsua izan du Leioa eta Erandioko campusean. Ikasleek eurek emandako datuen arabera, milatik gora irakasle, ikasle eta langile batu dira goizeko ordu beteko parora. Horrenbestez, 12:00etan elkarretaratzea egin dugu Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultadeko kafetegi nagusiaren aurrean. Ordu erdiz bertan egon ostean, manifestazioan abiatu dira, eta "Hau ez da demokrazia!", "Atxilotuak askatu!" eta "Herriak ez du barkatuko!" bezalako oihuak entzun dira fakultate guztietan. "Aipatzekoa da mobilizazioak izandako erantzuna, mila lagunetik gora parte hartu baitugu manifestazioan, ikasle, irakasle, ikerlari eta langileak elkarlanean", adierazi dute. Manifestazioa kafetegi nagusian bukatu da, auzipetuek idatzitako testu bat irakurriz. Argazkian, besteak beste Karmelo Landa irakasleak heldu dio pankartari / Gaztesarea.

Bukatzeko, 18/98ko auziaren kronika eta testigantzak jasotzen dituen "Auzia auzi" dokumentala proiektatu dute, eta, horrekin batera, Jone Goirizelaia abokatuak auziaren nondik norakoak azaldu eta bertaratutakoen zalantzak argitu ditu.

Irakurritako idatzia:

Euskal independentismoaren kontrako erasoen aurrean hemen gauzkate, zutik eta tinko, askatasunaren aldeko borrokari heldu eta aurrera egiteko prest

18/98 auzia abian jarri zutenetik ia 10 urte igaro direnean Espainiako inkisizio gaurkotuak bere epaia eman du. Ehunka atxiloketa, hedabideak itxita, antolakundeak ilegalizatuta, torturak, kartzela, heriotza eta hilketak. Hori da auzi honek egun eskaintzen digun balantzearen irudia. Euskal Herriaren kontra Espainiak eta Frantziak antolatua daukaten gerra estrategia auzi honek laburbiltzen du.

Epaiketa hasi zutenean oso argi esan genuen: epaiketa Euskal Herri osoaren kontrakoa zela. Auzipetuen eserlekuetan Euskal Herria zegoen ordezkatuta, Euskal Herriaren borroka epaitu nahi zuen Espainiak eta hori da zigortu dutena. Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokalariak eraman dizkigute beste behin ere.

Espainiak eta Frantziak ezin dute Euskal Herriarekin elkar bizi. Edonola desagerrarazi behar gaituzte. Edonola ere saiatzen dira, indar biziz eta estatu biek eskura dituzten medio guztiak erabiliaz gainera. Belauniko eta burumakur behar gaituzte, beraien "patria/patrie" handiki horietan integratuta. Eta hori lortzeko edabe magikoa daukatela uste dute, horretaz konbentzituta daude. Errepresioa eta gerra dira edabe horren osagaiak, beraien patria/patrie proiektu horiekiko menpekotasuna eta integrazioa edo gerra eta sufrimendua. Horiek dira Euskal Herriari egiten dizkioten eskaintzak, horiek dira beraiek mahaigaineratu dituzten aukera bakarrak.

Berriro ere, tamalez, egun Espainiaren erasoa gidatzen duen PSOEk arrazoia eman digu. Auzi hau sarritan alderatua izan da Francoren Espainiak burutu zuen Burgoseko prozesuarekin. Eta hala da. Prozesu biek, Francorenak eta espainiar demokraziarenak, azken finean helburu berbera izan dute: Euskal Herriaren independentziaren aldeko borroka geldiaraztea. Hori izan da Espainiaren xedea historian zehar.

Helburu horren baitan, eta ez beste inon kokatu behar dugu PSOEk gidatu duen Espainiaren eraso berri hau. Makurtzen ez bagara, egurra jasoko dugu. Hori izan zen Espainiak Burgosen luzatu nahi izan zigun mezua eta horixe bera Espainiak Casa de Campon luzatzen digun mezua gaurkoan ere.

Baina, ez gaitezen tronpatu. Espainiak eta Frantziak hainbat erkide liluratzea lortu dute. Bidelagun makurtuak izan dituzte historia guztian zehar. 77an, Txibertan, Euskal Herriaren eskubideen aldeko bideari uko egin, bide hori trabatu eta Espainian integratzeari ekin zion EAJk. UCDrekin hasieran eta PSOErekin bat eginik ondoren, Espainiaren berregituraketari ekin zioten. Herri honen partizioari, herri honen asimilazioari ekin zioten. Orduan ere hitz politak entzun genituen: "estatutuarekin independentzia", "estatutuarekin presoak kalera" eta horrelakoak. Euskal Herriaren eskubideak beraien hitz jarioan integratu eta produktu ustela saltzen saiatu ziren.

30 urte igaro dira. Iruzur berri baterako bidea prestatzen ari da PNV. Espainiarekin "pacto" berri bat egituratzen ari da. Espainiaren menpe jarraitzea, Espainian erabateko integrazioa ahalbideratzea, hori da egun PNV-PSOE bikotea prestatzen ari den iruzur berria. Duela 30 urte ezetz esan genuen. Asimilazioaren eskaintzari uko egin genion. Eta gaur. Saminez beteriko 30 urte igaro direnean, ezetz diogu berriro ere. EZETZ! Ez dugu iruzur berririk onartuko. Horregatik gaude erasoen jopuntuan.

Euskal Herriaren eskubideak ez onartzea erabakita zeukan espainiar estatuak negoziazio politikorako prozesuari ekin zionean. Eta, PNV bidelagun izan du erabaki horretan. Eskubide horien gauzapenaren inguruan definiziorik egin nahi ez eta eskubide horiek egikaritzeko metodologiari eutsi nahi ez ziotelako hautsi zuten prozesua aipatu alderdiek. Euskal Herriaren eskubideak onartu beharrean, Euskal Herriarenak diren Erabakitze Eskubidea eta Lurraldetasuna onartu beharrean, asimilazioaren eredua eutsi diote berriro ere, errepresioaren bideari alegia.

Hau da egoera. Euskal independentismoa txikitu beharrean daude. Horregatik horrelako atzaparkada basatiak.

Guzti honen aurrean, hemen gauzkate, zutik eta tinko, askatasunaren aldeko borrokari heldu eta aurrera egiteko prest. Horrela ekidin du gure herriak asimilazioa, horrela gainditu ditugu iruzur saiakera guztiak.

Eta esan behar da ere, borrokak ekarri gaituela gaudenera. Borrokaren bitartez, ez bestela, egun mahai gainean dagoen abiapuntua Lurraldetasuna eta Erabakitze Eskubidean dago. Bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere erabat hedatua eta onartua dago bi elementu horiek direla konponbiderako ezinbestekoak. Milaka euskal independentisten borrokak ekarri gaitu puntu honetara eta borroka horrek berak eramango gaitu askatasunaren eszenatokira ere.

Aldaketaren tenorea da. Gure etorkizunaren jabe gara. Gure erabakiak onartuak izan daitezen, inolako eskuartze eta inposiziorik gabe, gure esku dago, denon artean lortu behar dugu, eta lortuko dugu. Borroka garaia da. Euskal Herriaren ordua da.

Gora Euskal Herria askatuta!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun