Euskal rockaren hastapenak kontagai dituen "Salda badago" izenburuko dokumentala egongo da ikusgai, astelehen honetan, abenduak 17, EHUko Erandio eta Leioako campusean, "Punk 1977+30" jardunaldien baitan. Filma 2002an egina dago eta bere errealizadore Eriz Zapirain eta Iker Trebiñok aurkeztuko dute, 11:00etan, Arte Ederren Fakultatean. Azaro hasieratik, punkaren 30 urteak (ofizialak) ospatzen dabiltza unibertsitatean. Jardunaldiek "(kontra)kulturaren" historiaren une zehatz hura aztertu nahi dute, antolatzaileen hitzetan. "Orain dela gutxienez hiru hamarkada sortu zenetik, punkaren eragina bestelako alorretara zabaldu da: modara, diseinua, zinemara edota ikus arteetara hain zuzen. Eta nahiz eta merkatuak azaleko alde hutsal batzuk berehala bereganatu, hasiberriko aro digitalaren erdian, irizpide punk batzuek oraindik sasoian diraute", azaldu dutenez. "Zeuk egin ezazu”, “etxeko teknologiak”, “anti-copyright” eta bestelako auzi politikoagoek, inoiz baino gehiago indarrean jarraitzen dute Rodriguez eta Lauzirikaren ustez. Argazkian, Hertzainak taldearen disko eta abesti banaren izenburua darama asteleheneko dokumentalak / Oihuka.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!