Sopelako Udalak antolatutako Olentzerori buruzko postalen lehiaketak inoiz baino arrakasta handiagoa izan du aurten. Tokiko iturriek jakinarazi dutenez, 118 neska-mutilek bidali diote idatzia Olentzerori. Sopeloztarrak izan dira parte hartzaile gehienak (%85); Urduliz, Barrika, Plentzia, Armintza, Algorta, Areeta, Berango, Astrabudua eta Erandiokoak ere egon dira. Postal gehienak arkatzez eginikoak izan dira, kolore bizi eta ugarikoak, eta bakar batzuk akuarelaz. Marrazki guztietan ikus zitekeen ikazkin zaharra opariz betetako poltsa handi batekin. Olentzero surflariak ere agertu dira, skaterrak edota parapentean hegan zebiltzatenak; bakarrik batzuetan, iratxoen laguntzaz besteetan. Horrenbestez, inoiz baino zailagoa izan da epaimahaiaren lana. Azkenean, 10 urteko Lizar Begoña Madariaga sopeloztar neska (argazkian) aukeratu dute 2007ko postalen irabazlea. Helene Pardo Ajenjo izan da bigarrena, 11 urteko urduliztarra. Ivan March Calvo, 11 urteko sopeloztarra izan da hirugarrena, iazko irabazlea. Abenduaren 30ean, igandean, egingo da sari banaketa, 18:00etatik aurrera, udal pilotalekuan antolatu den dantzaldian.