Ertzaintzak gaur goizeko 7:30ak aldera
atxilotu duen Aimar Hidalgo Algortako gaztearen askatasuna aldarrikatzeko 250 bat auzokidek hartu dituzte Algortako kaleak. Manifestazioan, Hidalgoren aldeko aldarriak amnistia eskaerekin tartekatu dira, EAJren aurkako oihuak ere izan direla. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bozeramaileek jakinarazi dutenez, gaur goizean atxiloketa gauzatu duten ertzainek Aimarren familiari adierazi diote haiek ezer ez dutela bere kontra eta berdin zaiela zer egin duen. Baina errealitatea, AAMren ustez "oso bestelakoa da, Aimar inolako frogarik gabe epaitu eta zigortu zutelako". Alde horretatik, epaiketa garaian salatu zuten "
muntaia polizialaren osagaiak" gogoratu dituzte: ertzainek auzi berean dauden Gañanen eta Gallastegiren deklarazioak "tortura bortitzak" direla medio lortu zituztela eta ADN frogekin ere iruzurra egin zutela, besteak beste. Bestalde, defentsak oraindik ezin izan du baieztatu gaurko atxiloketa 2000ko abuztuaren 11n Algortan autobus bat erretzeagatik jarritako zigorrarekin loturik dagoenetz, ezta Hidalgo Madrilera eraman duten ala Basurin jarraitzen duen.