Gora beheren artean osatuko dute antenak arautzeko lan taldea Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 14a, 22:13

Astelehen honetan, abenduak 17, osatuko dute Getxo udalerrian telefonia antenen eta Interneten instalazioa arautuko duen lan-taldea. Horrela aurreratu du, gaur emandako prentsaurrekoan, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. Bestalde, batzorde horretan parte hartuko duen Antena Ez elkarteak salatutakoaren arabera, "legez kanpo" jarritako beste antena bat (argazkian) kokatu berri dute Areetako Andres Larrazabal eta Paulino Mendibil kaleen artean. Horri buruz galdetuta, astearte gauean jarri omen duten antenaren "berri ez" zekiela esan eta "hori egia bada, berehala kendu egingo dugu", adierazi dio UKBERRI.NETi Arregik. Araudia bete ez edota baimenik ez dutenak "ahalik eta lasterren" kenduko dituztela agindu du. Udal ordezkariak zehaztutakoaren arabera, "funtzionamendu baimena ez dugu guk ematen, etxola jartzekoa baino ez dugu baimentzen". Adibide gisa, gaur bertan, prentsaurrekoa ematen ari zen une berean, Algortako Abasota kalean beste antena bat eraisten ari zirela ere adierazi die komunikabideei Hirigintza zinegotziak. Bere aldetik, Antena Ez elkarteko kideak haserre agertu dira Udalarekin, euren bitakoran zabaldutako oharra dela medio: "batetik, abenduaren 17rako batzarrera deitzen gaituzte; eta bestetik legez kanpoko antenen instalazioak bere horretan dirau", esan dute. Urriko udal batzarrean, antena gehiago udalerrian ez kokatzeko luzamendua onartu zela ere gogoratu diete tokiko agintariei.

Getxo udalerrian telefonia mugikorreko antenen eta Interneten instalakuntza arautuko duen lan-taldeari dagokionez, tokiko erakundean ordezkaritza duten alderdi politikoek, Antena Ez elkarteak, telefonia enpresek eta Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko ordezkari batek osatuko dute. Hauez gain, arlo juridiko eta teknikoetako udal langileek eta Ingurumen eta Hirigintza zinegotziek hartuko dute parte. Halaber, aldian-aldian sistema hauek ipintzeko adituak direnak gonbidatuko dituzte bertara. Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, bestalde, lan taldea, "telefonia zerbitzua jasotzeko herritar guztiok dugun beharretik" abiatuko da “guztiok erabiltzaileak garen aldetik, eta printzipio hori aintzat hartuta irtenbiderik egokienak bilatzeko, hirigintzaren ikuspuntutik gutxienez”. Alabaina, ez dirudi lan erraza izango dutenik, lehenengo bileran behintzat. "Zertan dabil Udala, telefonia enpresak pozez zoratzen dauden bitartean? Denbora galarazteko edo despistatzeko bada, ez daitezela gure zain egon. Daukaten jokabidearekin, argi dago nola hartzen duten batzar hori telefonia enpresek", adierazi du Antena Ez-ek.

Erradiazio neurketak

Arregik azaldu duenez, lan-talde honen asmoa da "telefonia mugikorreko antenek eragiten duten kezka eta artegatasuna mahai gainean ipintzea eta arlo honetan Udalak dituen eskumenak finkatzea". “Antenak osasunarentzat kaltegarriak diren ala ez jakingurak eragiten digun artegatasunaz arduratu eta haiek ipintzeko lekurik egokienak zeintzuk diren erabakitzea nahi dugu”, esan du udal agintariak. Izan ere, lan taldean adosten dituzten gaien berri emango zaie herritarrei. Horren harira, Udalak dagoeneko eskatu dio Espainiako Telekomunikazioen eta Informazio Teknologien Zuzendaritza Orokorrari udalerriko hainbat tokitan “estazio erradioelektrikoen isuriak etengabe neurtzeko” hiru sistema ipintzea. “Bihotzeko monitorearen antzekoa da eta uneoro adieraziko digu uhinen isuri maila zein den, baimendutako goreneko neurrien azpitik egon ahal izateko”, zehaztu du Arregik.

Euskal Autonomi Erkidegoan era horretako 16 instalakuntza eskatu dira. Udalak eskatutako hiruretatik bi eman dituzte dagoeneko. Horietako bat Areetako udal merkatuan ipiniko dute eta bigarrena Algortan, oraindik zehaztu ez den etxe pribatu baten gainean. Gaur egun, udalerrian telefonia 20-30 bat antena daude. "Guztiek legea betetzen dute edo legeztatzeke daude eta Industria Ministerioaren baimena dute emititzeko. Indarrean dagoen legea betetzen ez zutenak Udalak berehala kendu ditu", adierazi du Arregik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun