Gurasoek deituta elkarretaratzea izango da bihar Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 23a, 18:19

Gurasoak elkarteak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, urtarrilak 24, egun horretan Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den 14 gazteren aurkako epaiketa salatzeko. Kontzentrazioa Bilboko Buenos Aires kalean egingo da, Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean, 10:00etatik aurrera. Ostiralean ere mobilizazioak deitu dituzte irakaskuntza zentroetan. Era berean, larunbatean, protesta bana izango da Galdakaon, Zamakoan 13:00etan, eta Algortan, 20:00etan Telletxen, auziperatuek eta senideek deituta. Bestalde, Gazteok Bat plataformak ere larunbatean Algortara joatera deitu du, ordua 13:30ean jarriz, Telletxen. Deialdi horrekin bat egin dute Ikasle Abertzaleek (IA), Herri Norte Taldeak (HNT), Itzubaltzeta gaztetxeak, Ez Jaun Ez Jabe talde libertarioak eta Segi gazte erakundeak. Arkaitz Goikoetxea ihes eginda dagoela kontuan hartuta, Uribe Kostako zortzi lagun epaituko dituzte: Algortako Urtzi Paul, Endika Lejarzegi, Ekaitz Bilbao, Aimar Hidalgo eta Kepa Saratxaga; Berangoko Martin Etxegarai, Sopelako Gontzal Gonzalez eta Leioako Urtzi Murueta. 2000ko irailaren 16an Galdakaon hainbat banketxe eraso izana leporatuta, kalteengatik 3 urteko espetxe zigorra eta desordenak eragiteagatik beste 2 urte eskatu du bakoitzarentzat fiskalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun