1936ko irailaren 13ko dekretuak legez kanpokotzat jo zituen Fronte Popularra osatzen zuten elkarte politiko eta sozialak, bai eta kolpe militarrari aurre egin zioten guztiak ere. Era berean, hauxe erabaki zen: "Konfiskatu egingo dira aipaturiko alderdi eta elkarte horien dokumentuak eta ondasun guztiak, higiezin nahiz higikor, eta Estatuaren jabetza izango dira aurrerantzean". 1939ko otsailaren 9ko legean berretsi egin zuten dekretu haren edukia, eta aipaturiko erakundeen "erantzukizun politikoa" argudiatu, neurri horiek zuritzeko. Arau horien ondotik etorriko ziren, indargarri, 1942ko otsailaren 14ko legea eta 1943ko ekainaren 9ko agindua. Erakunde politikoei, sindikalei, kulturalei... eta dozenaka mila laguni ondasunak kendu zizkieten, eta lana, bizimodua eta mantenua ere bai, lege horiek ezarriz.
Baina Memoriaren Legean, Espainiako Kongresuak onartu berri duen eta orain Senatuko tramiteak pasatzen ari den lege berri horretan, ez da ezertxo ere ageri zapalkuntza ekonomikoaz. Ez dio ezertxo ere Erantzukizun Politikoen Legeak eta Francoren erregimeneko zapalkuntza sareak eraginiko konfiskazioen eta isun guztien erreparazio politikaz.
"Lege aldetik zaila da ezer egitea", "denbora asko pasatu da"...: horiek eta eta antzeko argudioak eman dituzte bai Espainiako Gobernuak eta bai beren botoekin legea onartu duten alderdi politikoek, legean horretaz ezer ez aipatzeko.
Hala ere, legea onartu eta astebetera, alderdi horiek berek azkar asko aurkitu dute modua beren ondare konfiskatua berreskuratzeko; edozein harritzeko bezain bizkor proposatu dituzte formula malgu askoak; esaterako, CiUk eskatu ahal izan ditu "konfiskatuaren %30erainoko aurrerapenak", eta IU-ICVk proposatu du "konfiskaturiko eskudiruaren ordaina ere jasotzea", eta EAJk proposatu du "edozein motatako frogak" onar daitezela eskatzen diren ondasun eta eskubideen jabetza egiaztatzeko, "zeren, diktaduran egoera arrunt istilutsua zenez, ezina zen dokumentuak normal egin eta gordetzea".
Deigarria da lege bideak proposatu eta bilatzeko erabili den bizkortasun hori, ondasunen jabetza egiaztatzeko frogen inguruko malgutasun argi eta logikoa planteatzeko erabili den bizkortasun hori, zergatik ez den egokia eta onargarria zapalduriko milaka eta milaka pertsona "arruntentzat", oinarriko militante eta afiliatuentzat, zernahi ere zen haien guztien elkarte politiko edo sindikala.
Era berean, denbora gutxi dela jakin dugu frankismoaren zapalkuntza estrategiarekin eta ondasunen konfiskazioekin zerikusia duen beste gai baten berri: Espainiako Gobernuak, PSOE buru duela, legean jaso nahi du frankismoak konfiskaturikoa ez itzultzea eta ez ordaintzea "legez kanpokotzat jo, desegin edo legez etenda dauden alderdi politikoei" edo "beren hautagaitzetako batzuk ezeztatu dizkieten alderdi politikoei", Alderdi Politikoen Legea ezarriz.
Ez da zaila konturatzea neurria berariaz ANV-EAErentzat prestatua dela, 2007ko udal hauteskundeetan haren zerrenda batzuk ezeztatu zituztenez gero. Hala, frankismoaren kondena bat bera ere ez ezeztatzeko era guztietako argudioak ematen dituzten alderdi horrek berak eta gobernu horrek berak onartu egiten dute, neurri praktikoekin, erregimen hark irautea hark ezarririko kondenek irauten dutenez gero.
Ez dakigu beren Alderdien Legean zapalkuntza lege frankistak sartu nahi dituzten, edo lege frankistetan Alderdien Legea sartu, beharbada erdi eta erdi, askatasuna eta demokrazia maite duen inork ezin irentsizko sinbiosian.
Francoren erregimenetik bizirik irauten duen guztia sendotzea eta indartzea besterik ez dakar horrek, eta gogora ekar dezagun erregimenek beren legeek irauten duten bitartean irauten dutela.
Panorama txarra, beraz, askatasun eta demokrazia osoaz gozatu nahi dugun pertsona eta herriontzat; izan ere, orain, Memoriaren Legearen bitartez, trantsizioaz geroztik indarrean den zigorgabetasun eredua are gehiago indartzen ari da, eta, horrekin batera, gabezia nabarmenak dituen demokrazia eredu bat ere bai, frankismoak ezarririko zigorrak ez ezik haien balio totalitario eta guztiz antidemokratikoak ezeztatzeko gai ez dena.
Memoriaren Lege onartu berriaren bitartez eta frankismoko lege eta neurriei iraunarazten dieten lege eta neurrien bitartez -hala nola ANV-EAEri ezarri nahi dizkiotenak-, balio horiek toleratuak dira, bat egiten da haiekin, eta sendotu ere bai.
Marcelo Alvarez, Lander Garcia eta Javier Garcia Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideek gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua