Ferrera penatuta agertu da bozketa boto bakarrengatik galdu egin zutelako (lehenengo bozketan batzordeko kideak zenbatu ziren, 6-6 emaitzarekin, eta bigarrenean horiek ordezkatzen dituzten legebiltzarkideak, 26-25), eta baita "era ulergaitzean, EAJren eta EA, EAE eta Aralarrez osatutako Talde Mistoaren botoekin" galdu zutela ere. Era berean, "ez hankarik ez bururik ez duen egoera horren aurrean" metroaren ordutegia zabaltzearen alde dauden hiritarrei horren berri eman die EBk: "EAE edo Aralarren botoa baino ez genuen behar izan". Ferrerak gogoratu duenez, pasa den legealdian EAJk eta EAk atzera bota zuten proposamen berdina eta oraingo honetan, "EAJ, EA, EAE eta Aralarrek" atzera bota dute, bere ustez. Azkenik, etsigarritzat jo du ezkerreko botoak horrela erabiltzea.
Talde Mistoaren misterioa
Legealdia abiatu zenean, Talde Mistoa eratu zen EA, EAE eta Aralarren kide banak osatuta. Alde batetik, hauteskundeen ostean EB eta Aralar banandu izanak eta, beste aldetik, Espainiako Alderdien Legea ezartzean EAEri botoz jasoko lituzkeen hainbat legebiltzarkide onartu ez izanak batu ditu hiru alderdiak Talde Mistoan. Horren eraginez, alderdi horiek batzordeak banatu egin dituzte eta, kasu honi dagokionez, Azpiegitura, Garraio eta Hirigintza Batzordean Talde Mistoaren ordezkaria Joseba Andoni Gezuraga Uribarren da, Eusko Alkartasunekoa.