Ikuskizunak, kalejirak eta haurrentzako ekitaldiak izango dira Sopelako Gabonetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 17a, 18:43

Gabonetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Sopelako Udalak. Egitaraua ostiral honetan, abenduak 21, hasiko da eta urtarrilaren 5 arte luzatu. Horrenbestez, lau egun barru, musika tailerretan parte hartzen dabiltzanek Gabonetako kontzertua eskainiko dute, 19:30ean, Sopelako kultur etxeko hirugarren solairuan. Igandean, berriz, Uribe Bazterra musika bandaren emanaldia izango da, 19:30ean, San Pedro elizan. Gainera, 17:00etan eta 18:30ean "Gabon kantuk" Olentzerori buruzko antzezlana eskainiko dute kultur etxean. Sarrerak dohain izango dira, Hall Kulturalean jasota, noski. Abenduaren 24an, arratsaldeko 5etan Olentzero Gaua hasiko da. Ikazkina Larrabasterrako Urgitxeta plazatik irtengo da bere gurdian eta Iberre zubia, Etxebarri zeharbidea, Zubigane, Landabe eta Sabino Arana kaleetatik igaro ostean, Sopelako udaletxeko plazara helduko da. Bertan, bertsolariak, albokalariak eta gaztaina erreak izango dira. Ohi bezala, enborra erre ere egingo dute. Argazkian, dagoeneko badaude Udaletxe aurrean Olentzero eta Mari Domingi guztion eskutitzak jasotzeko eta horrela izango da 23ra arte.

Jarduerekin jarraituz, abenduaren 26tik 28ra bitartean umeentzako gabonetako parkea egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, herriko pilotalekuan, sarrera dohain. Hilaren 29an, "Handitan" antzerkia egongo da ikusgai, 17:00etan, Sopelako kultur etxeko 3. solairuan. Sarrerak dohain, udaletxeko Hall Kulturalean eskura daitezke. Eta urteko azken igandean, 18:00etatik aurrera, diskoteka eta aerobic maratoia izango dira pilotalekuan. Olentzero postalen lehiaketaren sariak bananduko dira bertan.

Urte barri

"Urte barri" ospakizunarekin hasiko dute 2008a sopeloztarrek, 13:00etatik aurrera, udaletxeko plazan; ohiko lez abestuz. Urtarrilaren 3an, Eriz magoa kultur etxeko 3. solairuan egongo da, 12:00etan. Sarrerak dohain, Hall Kulturalean eskuragarri daude. Azkenik, hilaren 5ean Errege Magoen harrera izango da, 18:00etan, Larrabasterrako Urgitxeta plazan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun