Itzubaltzetako koadrilen arteko olinpiadak aurkeztu dituzte asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 17a, 19:54

Itzubaltzeta / Romoko koadrilen arteko olinpiadak aurkeztu zituen pasa den ostiralean Itzubaltzeta gaztetxeak. Zentro sozialak jakinarazi duenez, koadrilek "harrera ezin hobea" egin zieten olinpiadei eta aurkezpenean zein herrian zehar antolatutako trikitixarik gabeko triki-txitxiburruntzi-txikiteoan dozena bat koadrilako 125 bat gazte parte hartu zuten. Koadrilen arteko olinpiadek zazpi probak izango dituzte urte berria eta herriko jaiak bitartean, hilero bana egingo dutela. Finkatutako kirol proba puntugarriak honakoak izango dira: frontoi txapelketa, mendi irteera, boleibol, futbito txapelketa, kukaña (hain zuzen ere, gazte egunean egingo den proba), ginkana eta, amaitzeko, herri kirolak uztailean. Koadrilen arteko egitarauarekin Itzubaltzeta gaztetxearen kideen asmoa koadrilen arteko harremanak sendotzea era partehartzaile batez. Bestalde, Getxoko Udaltzaingoaren "pitufoei" leporatu diete "gazteen arteko harremanak lantzea oztopatzen" ibili izana.

Itzubaltzeta gaztetxearen oharra:

Koadrilek harrera ezin hobea egin dizkiete Itzubaltzetako koadrilen arteko olinpiadei

125 bat gaztek parte hartu dute Itzubaltzetako Koadrilen Arteko I. Gazte Olinpiaden aurkezpenean. Giro alaian, 20:00etan eman diogu hasiera aurkezpenari eta A la Saka La Resaka, Erromo Komandoak, Erromoron, Ez Esan Inori, Gazte Enbata, Harribeltz, Kaskabilo, Kaskamotz, KLK, Txintxes, Txitxirri Patxarrak, Udagorri, Zaznaki, ahaztu zaizkigun koadrilak (barkatu!), gaztetxeko kideak eta bestelako gazteak aurrean zirela, hemendik eta herriko jaietara arteko egitaraua zabaldu dugu:

- Urtarrilean: frontoi txapelketa.
- Otsailean: mendi irteera.
- Martxoan: boleibol.
- Apirilean: futbito txapelketa.
- Maiatzean: gazte eguna eta kukaña.
- Ekainean: ginkana.
- Uztailean: herri kirolak.

(Data eta ordu zehatzak, dagokion hitzordura hurbiltzean jakinaraziko dugu, kartelen, posta elektronikoen edota ahoz aho sistemaren bidez).

Jaia + Lana= Itzubaltzetako koadrilen harremanak

Bestalde, agindutakoa zorra den heinean,eta trikitixa kale egin arren, parrila hegikorra eta soinu ekipoa helduta aspaldiko poteorik galantena egin dugu dozena bat koadrila batera, lonjako zuloetatik aterata. Giro ona, barre franko, jaki onak eta "al dente" zein edari gozoak, horiek bai herriko tabernarien eskutik.

Bestalde, ezin aipatzeke utzi beste behin ere gazteen arteko harremanak lantzea oztopatzen duena ere badela. Getxoko Udalak ohitura duen bezala, gaur ere udaltzainak bidali dizkigu gure herritik ibiltzeko, gure asmoak plazaratzeko eta gure barreak botatzeko baimenen eske. Beste behin ere, horrelako probokazioetan erori gabe, aurkezpenerako antolatutako haima desegin dugu "pitufoak" alde egin zezaten lasai eta egitarauarekin jarrai dugu lasai asko aurretik zehaztuta zegoen moduan. Bukaera, jakina, gaztetxean izan da, ekimenean ateratako 500 bat argazki bapo bapo eta kalefakzioaren ondoan ikusteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun