Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz taldearen oharra:
"Justizia administrazioa euskaldundu! Euskarari erasorik ez!": asteazkenean goizeko 9:15ean elkarretaratzea Bilbon
Asteazken eta ostegunean, hamabi euskaltzale epaituko dituzte euskaldunon hizkuntza eskubideen alde egiteagatik. Datorren abenduaren 19 eta 20an, hamabi euskaldun epaituko dituzte Bilboko Auzitegi Probintzialean, 2005ean burututako ekimen batean, euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzea xede izan zutelako. Bost hilabeteko espetxe zigorra da eskaera fiskala horietako bakoitzarentzako.
Horregatik, abenduaren 19an asteazkenean, hamabi lagun hauen epaiketa hasten den egun berean, 9:15ean Bilboko Auzitegi Probintzialean (Buenos Aires kalean) burutuko den elkarretaratzean parte hartzera, egoera salatzera eta Euskal Herria euskaldunaren aldarria lau haizetara zabaltzera deitu nahi ditugu herritarrak. Guztion indarrez, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu!
Izan ere, euskararen aldeko jardunak hamaika zigor jaso izan ditu azken urteetan, zigor ekonomiko eta atxilotze aginduak tarteko. Azken garaiotan, beste pausu bat eman du euskaldunok jasaten dugun errepresioak, eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzearren kartzela zigor eskaerak ugaritzen hasi dira.
Duela ez hilabete asko, urteetan luzatuz joan zen auzi bat ekarri genuen gogora, hizkuntza eskubideak errespetatzen ez zirela eta, hamahiru urtez luzatu zena; duela bi urte ere, beste euskaltzale bati ezarritako sei hilabeteko espetxe zigorra gogor salatu genuen. Zigorren mailan eman duten jauzia, beraz, azken urte-hilabete hauetan norabide arriskutsu zein larria hartzen ari dela azpimarratu beharrean gara. Paradoxa badirudi ere, justizia administrazioa euskaldunon etsai bihurtu da. Ez da justizia euskaldunon etsai dela diogun lehen aldia.
Hautu hori egitea, gaur gaurkoz, garesti ordaindu behar dugu euskaldunok. Epaituak izateko arriskuan gaude; eta hori eraso nahiko izango ez balitz bezala, epaiketak luzatu dizkigute, zigor ekonomikoak ezarri edota espetxe-zigorrak pairatu. Hizkuntza arrotzetan aritzea behartu nahi gaituzte, gure buruak gure hizkuntza propioan defendatzeko aukera zokoratzen dutela. Babes-judizial eraginkorra edota defentsa-eskubidea bera da urratzen ari direna (beraiek ezarritako eta inposatutako legedia ez betez). Baina haratago doa auzia; izan ere, norberaren hizkuntza eskubideen alde egiteak ere zigor penalak ekar bailitzake. Benetan larritzekoa da justizia administrazioak euskaldunekiko duen jarrera! Egun indarrean ditugun markoak, eta hau oinarri izanik ehuntzen dituzten legedi, plan eta proiektuak, ezinbesteko kate-begi bihurtu dira azkenaldian euskaldunok pairatzen ditugun eraso eta bazterketa egoerara ematerako garaian.
Gaur gaurkoz baiezta dezakegu, marko eta legedi horiek agorturik daudela, amaitu dela beraien ibilbidea; are eta gehiago, hasiera-hasieratik berauek eraistera kondenaturik zeudela ere esango dugu, defendatu izan duten politika, Euskal Herriak, euskal herritarrek eta euskarak behar dituen neurrietatik aldentzen delako. Euskarak, Euskal Herriak eta euskal herritarrek aldaketa behar dugu. Azken aste hauetan, hainbat agintarien ahotik aldaketaren behar hori ere azpimarratu da. Aitzitik, aldaketa euskararen bigarren mailakotasunera bideratzen dute. Euskararen normalizazioa eta ofizialtasuna lortzetik urruti, emaniko urratsak hutsaren hurrengoak dira. “Elkarbizitza” “eleaniztasuna”, “inposaketa eza” bezalako hitzekin betetzen dute ahoa, etorkizuneko Euskal Herria eleanitz ideala irudikatuz; alabaina, galdera bat luzatu nahi genieke egungo hizkuntza-politikak iraunaraziz inposaketen bidea saihestu nahi dutenei: euskara da inposatzen dena, ala erdara da? Guk galdera honen erantzuna argi dugu: erdara da, aurrera eramaten diren politikak lagundurik, euskararen egoeraren larritasunean sakondu eta euskaldunon hizkuntza eskubideak urratu eta zapaltzen dituena. Hauek dira euskaraz bizitzeko eta aritzeko aukerari ateak ixten dizkiotenak, eta beraz, euskararen hilobia prestatzearen errudun zuzenak.
Gakoa aldaketan dago Justizia administrazioan gertatzen dena, egun Euskal Herriak eta euskal herritarrek dugun uneoroko gaitz bat da, bai justizian, baina baita bizitzako esparru guztietan ere. Lehen ere aipatu dugu, baina berriz diogu: euskarak, Euskal Herriak, eta euskal herritarrek aldaketa behar dugu. Eraldaketa behar dugu, eskumena emango diguna legedi eta hizkuntza politika berri bat eraikitzeko, gure lurralde osoan bere ofizialtasuna ekarriko duena eta euskararen normalkuntza helburu izango duena. Galera prozesua gelditzetik haratago, Euskal Herria euskalduna eraikitzeko premia dugu. Honen aldarria zabaldu beharra dago Euskal Herri osoan. Euskal herritar guztion eskubideekin jolasten ari dira beste behin ere, eta hau onartzea ezinezkoa zaigu. Herriz herri, auzoz auzo, asko da oraindik egiteko duguna, eta hemendik horretara batu daitezen dei egin nahi diegu euskaldunei.
Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz