Gabonetan adin guztietarako ekitaldiak izango dira Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 17a, 22:01

Gabonak adin guztietarako jardueraz bete dute Leioan. Musika, tailerrak, Olentzero, desfilea, ludoteka, ipuin kontalariak... dira abendurako eta urtarrilaren lehenengo asterako antolatutako ekintzetako batzuk. Dagoeneko Olentzerorentzako gutunen postontzia jarri dute Kultur Leioan, abenduaren 24ra bitartean. Horrekin batera, udalerriko ikastetxeek eta elkarteek egindako Olentzero panpinen erakusketa ere badaukate. Abenduaren 18tik urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai Kultur Leioan, 9:00etatik 21:00etara, eta Gure Ohiturak dantza taldea (Ikea, 12-behea), Berbalamiñe euskara elkartea (Iturribide auzunea, 6), Kurkudi kultur elkartea (Sabino Arana etorbidea, 82) eta Epi y Blas tadearen (Sabino Arana etorbidea, 67 B) egoitzetan. Hilaren 24a, berriz, Olentzeroren egun nagusia izango da. 17:00etan Elexaldeko errotatik irtengo da, eta 18:30ean Kultur Leioara helduko da, bertan egingo baitiote harrera. Lamiakon, 17:00etan irtengo da, eta Pinuetan 18:15ean. Abenduan beste jarduera batzuk ere izango dira, hala nola, 21ean, ipuin-kontalarien saioa eta gaztain-jana, eta 22an, Gabonetako tailerrak eta txokolate-jana. Argazkian, Olentzero Kultur Leioan.

Bestalde, musikari dagokionez, Gabonetako Kontzertuak nabarmendu behar dira, abenduaren 19an Leioako Gazte Orkestra arituko da, hilaren 20an San Juan Bautista korala eta La Kantoria, eta 22an, zikloari amaiera emanez, Leioako musika banda eta Orpheo ganbera abesbatza. Kontzertu guztiak Kultur Leioako auditoriumean izango dira, 20:00etan, 3 euroren truke. Azken hori, gainera, Clara Campoamor elkartearen aldeko ongintzazko kontzertua izango da.

Antzerkia

Bederatzigarren urtez jarraian, aurten ere umeentzako euskarazko antzerki erakustaldia izango da Leioan. Saioak abenduaren 26tik 30era bitartean eskainiko dituzte, Kultur Leioako auditoriumean, 18:00etan. Hurrenez hurren, obra hauek egongo dira ikusgai: Teatro Paraiso-ren “Bremengo musikariak”, Yllana-ren “Olimplaff”, Glu-Glu-ren “Handitan”, Gorakada-ren “Irudimendeko hiria” eta Taun-Taun-en “Batuta”. Sarrerak 4 eurotan egongo dira ekitaldiko. Guztietarako bonua hartu nahi izanez gero, berriz, 16 euro izango dira. Bestalde, Euskara Zerbitzuak antzerki tailerrak eta eskalada ikastaroa antolatu ditu, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean. Lehenengoa, 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat izango da (20 euro / gonbidapen bi hilaren 4ko galarako) Bigarrena, aldiz, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat (8 euro). Biak ala biak euskaraz izango dira. Informazio gehiago, 944 008 000 telefono zenbakian.

Urtarrila

Urtarrilaren 2tik 5era, Kandelazubietan zenbait jarduera izango dira, besteak beste, ludoteka, tailerrak, jolasak eta Gabonetako trena. Sarrera euro batean egongo da. Bitartean, Kultur Leioako Ambigun, urtarrilaren 2an eta 3an ipuin-kontalariak izango dira (euro bat ere bai). Urtarrilaren 5a Errege Magoen eguna izango da. 18:00etan hasiko da desfilea, Sakoneta kiroldegian, eta 19:00etan amaituko da, Kultur Leioan. Lamiakon, 17:00etan hasiko da. Azkenik, 13 urtetik gorako gazteentzat, Aterpek Gabonetako Gaztegunea antolatu du, "stop motion" animazio tailerrekin, owiimpiadekin, ergometroekin eta dantza plataformekin, urtarrilaren 2tik 5era bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun