"Islak" ikus-entzunezko poemarekin batera (argazkian, obraren irudia), "Bilbao en el alma de un violin" izenburuko trilogia osatzen dute oraingoko biek. Lehenengoa, 2006an estreinatu zuten eta hainbat herrialdetako 400 lan baino gehiagoren artean aukeratu zuten Habanako Arte Digitalaren VIII. Areto eta Solasaldietan, unibertsitateko iturriek nabarmendu dutenez. "Asfaltoko loreak" hamalaudun kateatuez egina dago; erritmo-egitura hori hitzak gaztelaniaz eta euskaraz esaten doazen gizon ahotsekin eta, aldi berean, entzuten den bibolin musikarekin uztartzen da. Lanaren edukia kanta botxero famatu batean inspiratzen da: "Bilbao es un bello jardin...", eta Bilbo alai eta koloretsua erakusten du, loreak maite dituena eta haiekin etxeetako balkoiak apaintzen dituena. Obra zentzumen gehiagoren bidez antzemateko, proiekzioa egiten denean, lore usainak zabalduko dituzte aretoan.
Txalaparta eta bibolina
"Estralurtarrek txalaparta ostu didate" lanaren izenburua, berriz, bideopoemako planoak lotzen dituen bibolin piezarena da. Izan ere, bibolinaren musikarekin tartekatuta, txalaparta entzu daiteke. "Mundu honetakoak ez diren indarrak (ala agian badira?) txalapartaz jabetu dira. Odolik gabeko eta fikziozko bataila baten ondoren, ostutako barnemuin musikal hori berreskuratuko da, eta haren itzulera suaren inguruan zerbitzatutako sagardoaz ospatuko da", dio egileak. Bideopoema musika-tresnen erritmora moldatzen saiatzen da, tinbre eta tono desberdinetako kolpeen kadentziara egokituz.