Askatasunak zabaldutako oharra:
Errepresio frente guztiak irekiak ditu espainiar gobernuak, horretarako diseinatua duen plangintza errepresioak ezartzen diolarik noiz eta nor atxilotuko duen. Atzo Bilboko gazteak, gaur Batasunako kideak eta bihar nork jakin. Azkenean independentziaren aldeko borroka da suntsitu nahi dutena, eta horri erantzuten dio hiru hilabetean 170 atxilotu, 100 espetxeratu eta 25 torturatu utzi dituen plangintzak.
Baina gatazka politikoak ez dira espetxeetan, kalabozoetan eta epaitegietan konpontzen. Gogor joko dute, baina orain arte egin duen bezala herri hau zutik mantenduko da errepresioaren aurrean. Errepresioak nekez lortuko du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzea.
Askatasunatik dei egiten dugu atxiloketa honi erantzuteko protestetan parte hartzera. Pasa den ostegunean milaka euskal herritarrek erakutsitako jarrera da aurrera begira mantendu beharrekoa; kalean, ikastetxean, lantegietan eta instituzioetan errepresioaren aurkako borrokari lotuz.