Arkaitz Martinez de Albeniz preso politikoaren gutuna:
Kaixo, lagunok!
Hitz gutxi batzuekin saiatuko naiz ikasketek espetxean duten garrantzia azaltzen eta egun zein den kolektiboko kideok honen inguruan jasaten dugun egoera.
Espetxea beste edozeren gainetik distantzia, arroztasuna, urruntasuna eta gizagabetasuna da, gure ingurunearekiko loturak apurtu eta pertsona eta militante gisa suntsitu beste helbururik ez duena, duintasuna lapurtu eta sufrimenduaren bitartez asimilazio pertsonal zein kolektiboa bilatuz.
Guzti honi aurre egiteko duintasun kolektiboa eta borrokarekiko estutasuna mantentzea da preso politiko oraren errezeta zutik irauteko, baina horren atzean, horren sakontasunean, bada ere pertsona moduan mantendu eta hazteko borroka eta beharra, egunerokoan espetxeko errealitate gordinari ekiteko bizimodu pertsonala.
Eta nire kasuan, beste askorenean bezala, ikasketek garrantzia handia dute zentzu honetan, pertsona gisa birrindu asmo gaituen testuinguru honetan bakoitzaren behar eta jakinminaren arabera barnetik hazten joateko, eta, era berean, kanpoko bizitza horretan garatuz dihoan errealitate politiko eta sozialarekiko gertutasuna sentitzeko modua da, lotura hausten ez uzteko bitarteko bat izanik.
Eta etsaia, nola ez, guzti honetaz jabetuta 4 bat urte dira eraso berria luzatu ziola kolektiboari, beste askoren artean gure Euskal Herriarekiko zubi-lan horretan haustura berria ezarriz, ikasketak gauzatzeko modu bakarra UNEDen bitartez finkatuz.
Ezin ukatu honen atzean erabaki politiko sendoa dagoela, izan ere ez dira nolanahikoak honen bidez zanpatuak zaizkigun eskubideak.
Maila pertsonalean lehen aipatutako faktoreen hein handi bateko urraketa dago, jatorrizkoa zaigun errealitate soziopolitikoa, nazionala, inondik inora aintzat hartzen ez duen ikasketa modua inposatzen baitzaigu; ditxosozko harrotasuna berriz ere.
Bestetik, euskaraz ikasteko eskubidea bortizki zanpatua zaigu; euskara gure territorio libre bakarra inon baino gehiago erbesteratuta izanik euskaldun gisako eskubide urratua are bortitzago bilakatzen da hemen.
Eta azkenik, badira ikasketak modu ofizial bakar honek abiatutako oztopo eta traba gehituak, ikasteko metodoa eta baldintzak alegia. Burokraziaren unibertso honetan prozesu motela da ikasketena ere: matrikulazioa dela, materiala dela beti iraungitzear eta espetxe bakoitzeko arduradunen borondatearen menpe (hutsaren hurrena normalean).
Honekin batera, metodo zinez hotz batera, birtualegi batera daude behartuta, izan ere irakasle edo klasekideekin inolako kontakturik ez harremanik izateko aukerarik ez dago: zu eta liburua, liburua eta zu, besterik ez.
Hauxe, beraz, egoera honen erradiografia azalekoa, nahikoa arazoaren tamainaz jabetu gaitezen, izan ere duintasunez eta euskaraz ikasteko eskubidearen urraketa da EPPK suntsitzeko asmoz abiatutako sarraski-politikaren oinarri bat.
Besterik gabe, jaso ezazue besarkada estu bana eta eutsi borrokari!
Jo ta ke, irabazi arte!
Burgosen, Arkaitz Martinez de Albeniz (euskal preso politikoa)
PATen irakurgaia:
Estatu Espainolean espetxeratuta dauden euskal preso politikoek ikasteko eskubide urratuta dute. Izan ere, 2003an PP eta bere esku dauden indarrek (komunikabideak, hainbat eragile...) aurrera eramandako kanpaina baten ondorioz UPV eta Espetxe Erakundeen arteko hitzarmena apurtu egin zen. PPk abian jarritako eskubide zapalketak bide eman die UPVk ikasle presoei ezartzen dizkien oztopoei.
UPVren jarrera eta PPren presoen aurkako xedeak medio Espainian Espetxeratuta dauden Euskal Preso Politikoek UNEDen bitartez ikastea dute aukera bakarra. Ondorioz, haien hizkuntzari uko egitera behartuak daude, ez baitu UNEDek ikasketarik euskaraz eskaintzen; Frantziako espetxeetan dauden ikasleak alde batera uzten ditu; karrera askoren murriztapenak presoak beren ikasketa propioak alde batera utzi eta beste batzuk ekitera behartzen ditu; eta hori gutxi balitz, Madrilgo UNEDen funtzionamendu eskasa jakina da, baita presoen espetxe-aldaketak azterketak egiteko.
Presoen urrunketa eta isolamendua nahiko ez, eta Estatu Espainolak oinarrizko eskubide guztien kolpatzea du asmo. Honela, ikasteko eskubidea ukatu egiten dute. Sistematikoki eskubide ororen urraketa bilatzen duen estatuari nola dei diezaiokegu estatu demokratiko?
Egun, hamabost dira egoera hau pairatzen duten euskal preso politikoak. Horregatik, bidegabekeria hau gainditu eta preso politikoen eskubideak bermatzeko guztion parte hartzea behar-beharrezkoa da. Salatu ditzagun eskubide urraketak eta lot gakiozan borrokari. Eskubide guztiak, ikasteko eskubidea barne, aitortu arte, jo ta ke irabazi arte!
Presoen Aldeko Taldeak