Gaur goizeko prentsaurrekoan, Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak aipatu duenez, kultur ekitaldiak antolatzeaz gain, tokiko erakundeak aldarrikapen eguna aprobetxatuko du, "Getxon herritarren integrazioa laguntzen duten tresnak zabaltzeko". Horren adibide jarri du, www.KaixoGetxo.net Interneten zazpi hizkuntzetan dagoen baliabideen gida. Hemendik aurrera, inprimaturiko bertsioa ere izango du horrek. "Bertsio berriak udalerrian bizitzea erabakitzen duten pertsonen eskubideak hobeto zaintzen lagundu nahi du. Horrela, besteak beste, errolda, osasun-laguntza eta gizarte eta umeen hezkuntza eskubideen garrantziaren gaineko informazioa ere jasoko du”, azaldu du Ekain Larrinaga Inmigrazioko Zerbitzuko teknikariak. Aleak ohiko tokietan banatuko dituzte (Gizarte Zerbitzuetan, Behargintza-Enplegu eta Tokiko Garapeneko Gunean, kultur aretoetan....); baita herritarren arretarako udal bulegoetan ere. Era berean, udalerriko mintzategi eta ziberzentroekin lan egingo dute, batez ere, "etorkinek eskura dauzkaten baliabideen berri emateko duten garrantziagatik".
Emakumeak gehiago
Udal arduradunek emandako datuen arabera, Getxo udalerriak 82.306 biztanle du eta, horietatik, 4.459 espainiar Estatutik kanpokoak dira. Talderik jendetsuena Bolibiakoa da, %28,3, eta beste datu esanguratsu bat da talde gehienetan gizonezkoak baino emakumezko gehiago etorri direla.