Atzo eta gaur artean, ez dira gutxi izan Fullaondoren atxiloketa errefusatu duten alderdiak. Eusko Abertzale Ekintzak (EAE), Aralarrek eta Eusko Alkartasunak (EA) algortarra atzeman zutela eta gutxira kaleratu zituzten gaitzespen oharrak. Pernando Barrena eta Eusebio Lasa Batasunaren zuzendaritzakideek, berriz, gaur salatu egin dute euren alderdikidearen atxiloketa, eta Espainiako Estatuak "errepresioaren bidearekin" segitzen duela iritzi diote, "EAJren laguntzarekin". "Hala ere, ez dute lortuko gure helburuak atzera botatzerik. Izan ere, ezker abertzaleak 200.000 lagunetik gora ditu bere proiektua aurrera eramateko eta gizartean zabaltzeko", esan du Lasak.
EAJ erdipurdika
EAJk, ordea, 19/98 auziaren sententziari buruz baino ez du jardun gaur zabaldutako oharrean. Jelkideek adierazi dute, Auzitegi Nazionalak kaleratutako epaiaren ildotik, "justiziaren zati batek deskreditu sozialaren bidean jarraitzen duela, eta, itxura guztien arabera, ez duela atzera egiteko asmorik". Publiko egindako epaiaren ostean, EAJk iritzi hau kaleratu du: “Epai hau Jose Maria Aznar presidente zela hasi zuten, eta motibazio politikoak oinarri dituen prozesu judizialen adibide garbia da. Alderdien Legea bezalako legeek babesten dituzte; hots, nazioarteko auzitegiek zalantzak ipini dituzten legeek”. Bihar, hilaren 20ean, sententzi honen kontra, 18/98+ Plataformak Bilbon deitu duen ekitaldian parte hartuko dutela ere aipatu dute. “Prozesu judizial honetan begien bistan izan diren irregulartasunak erakundearenak izan dira, eta ez luzatzeko aitzakiak. Haietako batzuek Prozedura Kriminalaren Legea bera ere ez betetzera iritsi dira, eta abokatuen elkarteek eta kontseiluek salatu ere egin dituzte”, jakinarazi du EAJk.
Zalakain eta Zubiaga
18/98 auzia dela eta, preso ere daukaten Jexux Mari Zalakain EHUko Leioa eta Erandioko campuseko irakasleari 9 urteko kartzela zigorra eta 21 hilabeteko isuna jarri dizkio Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren sekzioko epaileak. Unibertsitateko irakasle ere den Mario Zubiagari dagokionez, 9 urteko kartzela zigorra eta 23 hilabeteko isuna ezarri diote. Alabaina, Murillok berak 20.000 euro ordainduta kalean uztea erabaki zuen eta, abokatuek errekurtsoa aurkeztu eta epaileek horren gainean erabaki bitartean, sententziak ez du eraginik izango.