Azken egunetako gertaeren harira eta, zehazki, hereneguneko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako dekanotzaren okupazioa dela eta, prentsaurrekoa burutu zuen atzo IAk. "Momentu honetan, inoiz baino argiago daukagu Bologna Prozesua gelditu eta herriaren zein herritarren beharretarako egongo den unibertsitate eredu bat egikaritu daitekeela, unibertsitateko estamentu guztien artean adostuta", esan zuen dekanotza horrek hartutako konpromisoaren harira ikasle erakundeak.
Ikasle Abertzaleek atzo zabaldutako oharra:
Makina bat aldiz esan diogu ikasleok ezetz Bologna Prozesuari. Egindako greba orokorrek, manifestazioek eta mota guztietako protestek argi uzten dute ikasleok ez dugula Europako Goi Hezkuntza Esparrua egikaritzea helburu duen prozesu neoliberal hau onartzen. Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko unibertsitateek inposaketa honekin aurrera darraie, ikasleon hitza zapalduz eta hezkuntza komunitatearen nahia aintzat hartu gabe. Gainera, Bologna Prozesua aurkakotasun guztien gainetik inposatzeko estrategia eta bide guztiak agortzen ari dira unibertsitateetako agintariak.
Gauzak horrela, UPV-EHUren kasuan, hasiera baten prozesuaren zio eta helburuak ezkutatuz aplikazio diskretu baten aldeko hautua egin zuten errektoretzatik hasi eta azkeneko aplikatzaileraino. Alabaina, aplikazio estrategia ezinbestean aldatzera eraman zituen oztopo bat topatu zuten bidean: ikasleon aurkakotasuna. 2005eko azaroaren 17an Bolognaren aurkako greba orokorra egin zen Euskal Herriko unibertsitateetan eta milaka eta milaka ikasle atera ziren kalera Iruñean zein Bilbon, Donostian zein Gasteizen.
Ikasleria Bologna Prozesuaren inguruan ezkutatzen zitzaion informazioa hedatzen hasi zen eta UPVko agintariak, prozesuaren jatorria agerian gelditzen ari zela ikusita, estrategia aldatu eta, beren erara, Bologna Prozesuaren inguruko informazio apologetikoa zabaltzeari ekin zioten, ikasleria konbentzitu nahian. Bigarren estrategia honek ere huts egin zien. Hor daukagu, adibide argigarri gisa, martxoaren 29ko greba orokor arrakastatsua, berriro ere milaka eta milaka ikaslek kaleak hartu zituen eguna.
Hartutako bide berri horrek ere fruiturik ematen ez ziela ohartuta, estrategia berriro ere aldatu zuten: ikasleak Bologna Prozesuaren aurka tinko mantentzen diren honetan, UPV-EHUk, ikasleria konbentzitzeko gai ez dela jakinik, inoiz alboratu ez duen bideari ekin dio berriro. Beraiek hainbeste, hain barrutik eta hainbestetan gaitzesten duten biolentziaren bidez isilarazi nahi dute ikasleria.
Bide honetan, oso esanguratsua da joan den abenduaren 12an, ikasturteko lehenengo klaustroan, onartu nahi izan zuten arau-hauste eta zigorren zerrenda. Zerrenda honetan, adibidez, unibertsitatearen ekitaldi publikoak eteteagatik ikasleak unibertsitatetik kaleratzea onartu nahi zuten eta ikasleriak eraso honi, hain zuzen ere, proskribatu nahi duten bidetik erantzun zion. Berrehundik gora ikaslek klaustroa eta bertan onartzekoak ziren neurri errepresiboak bertan behera uztean argi utzi genuen ez garela kikilduko eta oztopo guztien gainetik gure hitzaren errespetua exijitzeari ez diogula uko egingo. Bologna Prozesua gelditu eta eztabaida parte hartzaile eta sakon baten bidez behar dugun unibertsitate eredua zein den erabaki arte ez gara geldituko.
Bide honetatik, atzo, hilak 17, hogei bat ikaslek Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko dekanotza okupatu genuen. Ekimenaren bukaeran, fakultate honetako dekanotzak ikasleen artean prozesuaren inguruko eztabaida bat zabaldu ondotik, ikasleek hartutako erabakia errespetatzeko konpromisoa hartu zuen. Momentu honetan, inoiz baino argiago daukagu Bologna Prozesua gelditu eta herriaren zein herritarren beharretarako egongo den unibertsitate eredu bat egikaritu daitekeela, unibertsitateko estamentu guztien artean adostuta.
Izan ere, ezinezkoa da ikasleriaren aurkako iritziaren gainetik (unibertsitateko sektore handiaren iritziaren gainetik) prozesu neoliberal hau inposatzea.
Guzti honengatik, dei egiten diegu UPVko eta Euskal Herriko gainontzeko unibertsitateetako instituzio guztiei ikasleriaren hitza errespetatzeko konpromisoa hartu eta zabaldu beharreko eztabaida bukatu artean Bologna Prozesuaren aplikazio oro geldiarazteko eta atzera botatzeko, eztabaidaren eta hezkuntza komunitatearen hitzaren errespetuaren bidetik soilik lortuko baita sor daitezkeen arazo eta gatazka guztiak gainditzea. Bitartean, ikasle abertzale eta ezkertiarrok egoera hau eman arte borrokan tinko jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.
Gure hitzaren errespetua exijitzeko eta Bologna Prozesua gelditzeko bide honetan, ikasleok galdu ezinezko zita bat daukagu datorren abenduaren 20an, 12:30ean, Leioako campusean egingo den manifestazio nazionalean. Euskal Herriko ikasle unibertsitario guztiak deituta daude manifestazio honetan parte hartzera, "Bologna gelditu! Ikasleon hitza errespetatu!" ozen eta argi entzun dadin. Honen harira, unibertsitatean zein ikastetxeetan paroak deituko dira abenduaren 20an.
Gure eskubidea delako, gure eginbeharra delako, gure hitzaren errespetua aldarrikatzen jarraituko dugu.
Bologna gelditu! Ikasleon hitza errespetatu!