"Gorrotoa antolatzera" deitu ditu gazteak Berangoko Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 19a, 18:47

"Abiadura Handiko Trena (AHT), Bologna prozesua, etxebizitza eskubidearen ukazioa, gaztetxeen hustuketak, behin-behinekotasuna, espekulazioa, proiektu txikitzaileak, lan istripu-erailketak, unibertsitateen merkantilizazioa, kontrol soziala, kontsumismo basatia... Gazteoi pazientzia bukatu zaigu! Ez dugu onartzen eta ez dugu sekula onartuko egungo sistema neoliberalak inposatu nahi dizkigun bizi-baldintzak. Zuekin etorkizunik ez!", adierazi du Berangoko Segik. Gauzak horrela, gazte berangoztarrek "gorrotometroak" (argazkian) sortu dituzte neska-mutilon gorrotoa neurtzeko. "Gure ezinegona eta haserrea sortzen dituzten gaiak eta arrazoiak bertan jorratuko ditugu. Gizarteak jakin dezan zer den arduratzen gaituena. Gizarteak jakin dezan gazteon eskubideak zanpatzea ez dela musutruk irtetzen", azaldu dute. Bide batez, "gorroto hori antolatzera" deitu dute, "sistema kapitalistaren aurka borrokatzen hasteko".

Tenperatura igotzen hasi da. Abiadura Handiko Trenak eta "proiektu txikitzaileek" piztu zituzten lehenengo aldiz gorrotometroak. Ondoren, Bologna prozesuak tenperatura igotzen jarraitu du, egoera "bor-borrean" jarriz. "Bada garaia sistema kapitalistaren aurka borrokatzen hasteko. Inolako konplexurik gabe, miseriara kondenatu nahi gaituen sistema honen aurka gure gorrotoa antolatzen hasi behar dugu", adierazi du Berangoko Segik. Izan ere, sistema beraren izaerari "erasokorra" deritzo gazte erakundeak: "bizitzaren esparru guztietan gazteoi buru-makur eta uniformetasunean mantendu nahi gaitu, itsu-itsuan kapitalismoa jarraitzera behartu nahi gaituzte... Beren bortizkeria izkutuan azalerazten da, beren biolentziari lege edo segurtasun deitzen diote, aldi berean gazteak kriminalizatzen dituzten bitartean".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun