Itzubaltzeta gaztetxearen oharra:
Abiadura Handiko Trena geldi dezagun! Lemoiz geldi dezagun!
Gaur, asteazkena, 19.30ean hitzaldia gaztetxean!
Ba al dakizu...
- Denbora gutxi barru, eta jendeari informazio izpirik ere eman gabe, Euskal Herrian, Abiadura Handiko Tren bat (AHT) eraikitzeko proiektu itxuragabea dagoela?
- Abiadura Handiko Tren horrek ez duela ohizko trenarekin zerikusirik, ez inguru gaineko eraginagatik ez eta energia gastu eta kostu itzelengatik?
- Autobideek baino ingurugiro eraso larriagoa dakarten 443 kilometroko AHTren trazaketa, 128 kilometro tunel eta 20 kilometro biaduktoren eraikuntza, orain arte naturaren kontra egindako txikiziorik bortitzenetakoa izango dela?
- Bere trazaketak eta Abiadura Handiak eskatzen dituen segurtasun langek, pilo bat ekosistema ebaki eta apurtu egingo dutela, fauna eta landaretza aldaezinezko eran kaltetuz?
- Eraikuntza lanek milioika tona harkaitz eta lur mugitzea dakartela, lurzoruaren gainean ezartzean azalera ikaragarriak estaliz, eta horrekin batera lur emankor ugari desagertaraziz?
- Abiadura Handia martxan jartzeak, ohizko trenak behar duen baino askoz ere potentzia gehiago behar duela? Eta horretarako behar izango diren elektrizitate energia kantitate izugarriak lortzeko, Frantzian nuklear zentralen bidez sortutakotik ekarri beharko dela gehienbat, eta beste parte bat, gas naturalean oinarritutako zentral termikoetan sortu –Lemoiz helburu horretarako birmoldatzea pentsatuta dago–, eta gas hori, esaten diguten ez bezala, oso kutsakor eta erasokorra dela, ozono geruzaren zulaketan zerikusi handia duena?
- Bere tentsio altuko elektrizitate-kableek kutsadura kimiko eta elektromagnetiko handia sortuko dutela, ingurunean eta osasunean ondorio gogorrak izango dituelarik?
- Arriskuak eta istripuen larritasuna handitu egingo direla erabat AHT-ren abiadura handiak direla-eta, eta are gehiago gai arriskutsu edota kutsakorren garraiorekin?
- Proiektu honen balioa bi bilioi pezetarainoko zifra beldurgarrira hel daitekeela?
- Abiadura Handiko Trena, multinazionalek Europa mailan eta merkatugaien garraiorako diseinaturiko planaren barruan kokatzen dela, eta beronek, merkatuen zabaltze eta botere eta aberastasun kontzentrazioa dituela helburu?
- Urrutira gabe, Ezkerraldeko trazaketak bakarrik bere bidean zehar eraso oso handiak ekarriko dituela bai lurrazalean (ezpondak eta biaduktoak) eta bai lurrazpian (tunelak), hasi malmasin tunel ondotik, gero Pagasarriren mendi-inguruak, Sasiburu mendi-katea, Argalario, Trianoko mendiak eta Serantes zeharkatu ondoren –Alonsotegi eta Erregato inguruetan biaduktoez tartekaturik– Superportura heltzeraino.
- Abiadura Handiko trena, Bilbo handia Europako kapitalismoaren Metropoli eta Euskal Herriko ekonomiaren ardatz bihurtu nahi duen muntaia arranditsu honen pieza dela, eta ez nolanahikoa? Hain zuzen ere, Superportua erdigunea delarik, faraonen garaiak gogora ekartzen dizkigun obra mordoa dagoela martxan, hala nola autobide sare korapilatua, Nerbioi ibaialdeen berreskurapena aberats zahar eta berrien urrezko egoitza heltzezin bihurtzeko, eta halaber inperioetako gorteetako luxuzko zerbitzuak diruditen Guggenheim, Kongresu eta Musika Jauregia, kirol kaiak, golf zelaiak, eta abar? Baina, aldi berean, proiektu honek, egiazki, oso lan gutxi sortuko duela, baino bai ordea miseria eta bazterkeria jende arruntarengan, naturarekiko eraso latz eta gastu izugarriez gain, eta dena, azken finean, multinazional eta bertako jauntxo batzuren onerako?
Horrelako basatikeriaren aurrean, ezin gara geratu ezer egin gabe. Gure ezezko borobila adierazi behar diegu, eta nola edo hala, gauzatzea galarazi.
Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanblada
Itzubaltzeta gaztetxea