Getxo Artea taldeko zortzi jokalari deitu dituzte Euskadi eta Cote Basque Landes izeneko gizonezkoen senior errugbi selekzioek Algortako Fadura udal kiroldegian larunbat honetan, abenduak 22, jokatuko duten norgehiagokarako. 16:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da. Europako Eskualdeen Txapelketari dagokion partida da eta Euskadiko Rugby Federakuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak antolatu dute, Getxoko Udalaren babesarekin. Nazioarte mailakoa den kirol ikuskizuna antolatzeak udalerrirako duen garrantzia nabarmendu du, gaurko aurkezpenean, Imanol Landa alkateak. “Ipar eta Hego Euskal Herriko lagunak hurbiltzeko politiketan urrats bat gehiago izango da norgehiagoka hau, kirol txapelketa ofizialetan batera jardutea ezinezkoa baitute”. Alabaina, larunbatean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak Ipar Euskal Herrikoen aurka arituko dira eta, hortaz, Nafarroa Garaiko jokalaririk ez da izango. Argazkian, Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) errugbilariek hegoaldeko nafarren aurka jokatutako derbia 2006an, Ordizian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!