Luis Enrique Echave-Susaeta hautetsi popularrak mehatxuak pairatu dituela salatu du EAEko Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren aurrean Bizkaiko Alderdi Popularrak. Ustezko mehatxuak pasa den azaroaren 21ean gertatu ziren, Barrikako Udalaren informazio batzorde batean. Echave-Susaetak batzorde horretan azken hauteskundeetan ilegalizatutako Eusko Abertzale Ekintzaren zerrendako kide bat zegoela salatu ondoren, EAEko lagun batek PPko kidea "hatzamarrez seinalatu eta 'zu kontuz ibili, kontu handiz ibili, inoiz baino kontu handiagoz ibili' ohartarazi zion", beti ere PPk zabaldutakoaren harira. Antonio Basagoiti (argazkian) Bizkaiko PPren presidentearen aburuz, "zoritxarrez, ohikoa bilakatzen ari da" Barrikan gertaturikoa eta horren errua bota dio PSOEko Gobernuari. Luis Echave-Susaeta PPk Barrikan duen zinegotzi bakarra da, Espainiako Alderdien Legeari esker lortutakoa, gainera.