Gabonetako kontzertua eskainiko du bihar Algortan Ondarreta abesbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 20a, 17:24

Areetako Ondarreta abesbatzak (argazkian) “Gabonak Munduan” izeneko ohiko kontzertua eskainiko du ostiral honetan, abenduak 21, Algortako Erredentore elizan. Bostgarren urtea du ekitaldiak; baina, aurten, abesbatzak 40 urte bete dituenez, ospakizunen egitaraua amaitutzat jotzeko ere balio izango du. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta, bertan, Pilar Arana pianojolearekin eta Ondarreta Ganbara Orkestrarekin batera arituko dira kantari areetarrak, guztiok Manuel Torre Lledok zuzenduta. Emanaldiak helburu solidarioa du gainera: jasoko duten dirua, Aita Hirukoiztarren ekimenez, Sudanen eskolak eraikitzen laguntzeko izango da. Horretara bideratuko dute atera berri duten diskoa saltzen bildutako diruaren erdia. Bestalde, Larrabetzuko Gaztelumendi eta Algortako Itxartu abesbatzek hilaren 22an eskainiko dute kontzertua, 20:00etan, Bariko San Nikolas eliza algortarran. Emanaldi horretan Aita Donosti edo Jesus Guridi bezalako euskal konpositoreen eta Mendelsson eta John Lennon europarren Gabonetako abestiak interpretatuko dituzte, hurrenez hurren.

“Gabonak Munduan” kontzertua Getxo udalerriko kultura eta musika egutegian ohitura bihurtu da, udal iturrien arabera, adierazten duen kalitateagatik eta eskaintzen dituzten hainbat abesti berriengatik. Bertan, gabon kantak eskaini eta, tarteka, poemak errezitatuko dituzte, Irati Ortueta 8 urteko neskatoak irakurriko duena barne. Horrela jasotzen du emanaldiaren egitarauak (pdf).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun