Manifestazioa goizeko 12:30ean abiatu da, eta ordu batez, campuseko plazak, etorbideak, zubiak eta eskailerak, gora eta behera, zeharkatu dituzte ikasleek. Errektoregoaren aurrean aurpegia estalita izan duten 20 bat segurtasun guardiak moztu diete bidea eta ikasleek guardien aurkako zein "UPV inposatzailea" bezalako oihuekin erantzun dute, ondoren Vomitoren kantarik ezagunena eta "Loca academia de Policia"ren musika abestu eta manifestazioa desbideratu arte. Istiluak, ordea, ordu bat beranduago hasi dira.
Ikasle Abertzaleen oharra:
Gaur, abenduaren 20an, 2500 ikasle inguru batu gara Leioako kanpusean, beste behin ere Bologna Prozesuari eta bere inposaketari ezetz esateko. Bolognari Ez! esan eta gure hitzaren errespetua aldarrikatu dugu unibertsitateetako zein inguruko eskoletako ikasleok.
Euskal Herri osoko ikasleak batu gara Leioan, UPVren campus nagusian, zalaparta gehien ateratzen ari den Bolognaren aplikazioari erantzuteko.
Zoriontzekoa da hortaz, euskal ikasleriak beste behin ere gaurko egunez erakutsi duen indarra eta erantzuteko gaitasuna. Honek erakusten baitigu, euskal ikasleria ez dagoela hilda, eta ez duela bera, ez eta herri hau hilko duen prozesu, dekretu ez inposaketarik onartuko.
Hemendik aurrera ere, gure hitza errespeta dezaten jarraituko dugu lanean eta denon artean, lortuko dugu Bologna Prozesua gelditzea. Denok batera egindako borrokak entzunaraziko du gure hitza, Bolognaren aurrean gure ezetza, eta hezkuntza sistema propioaren beharra.
Bestetik Unibertsitateetako agintariei gure hitza behingoz errespeta dezatela exijitu beharrean gaude. Gaur Leioan bildu den ikasle uholdeak Bolognari eman dion ezetza, eta azken bi urteotako 2 greba orokorretan nola egondako ehunka mobilizazioetan emandakoak, aintzakotzat hartu behar dituzte unibertsitateko agintariek. Demokraziaren izenean, ezin diote egoera honi bizkarra eman eta Bologna Prozesua bere horretan inposatzen jarraitu.
Are eta gehiago, ikasleon hitzari muzin egiteaz gain, disidentziaren aurka biolentzia inolako erreparorik gabe erabiltzen dakusagu unibertsitatea. Nola uler daiteke hori kritikotasunaren eta askatasunaren egoitza behar lukeenean? Nola uler daiteke indar polizialak campusean euren gisara ibiltzea? Hau ez da inon ematen, Francoren garaian ere oso salbuespeneko egoeratan sartzen zen polizia gune unibertsitarioan. Gaur eta Leioan, bi ertzain, subfusilak eskuan, ikaslegoari ongi etorria ematen ikusi ditugu campusaren sarreran. Manifestaldia bukatuta ere, ikasle batzuek haien protesta errektoretzako ateetara eramaten saiatu dira eta unibertsitateko “segurtasun” indarren eskutik jazartuak izan dira. Eta hori gutxi balitz, Leioako campuseko kafetegian ertzainek modu arbitrarioan ikasle bat egurtu eta inguruak jazartu dituzte. Gure indar guztiekin salatu behar dugu poliziaren presentzia neurrigabe hau, eta uste dugu, UPVko agintariek azalpen bat baino gehiago zor diotela euskal ikasleriari.
Gure partetik, argi dugu. Egoera hau, UPVk azken aldian darabilen estrategia errepresiboaren erakustaldi bat gehiago besterik ez da. Hasieran ezkutuan aplikatzen saiatu ziren, Bologna Prozesua ezagutarazi genuen heinean, ikasleak konbentzitzen saiatu ziren gero, eta orain, lan horrek fruiturik eman ez diela eta, disidentzia egurtzeari ekin diote. Unibertsitateek edozeren gainetik Bologna Prozesua aplikatzeko nahia ari dira erakusten. Edozeren gainetik, eta edonola, baita hainbeste gaitzesten duten biolentziarekin ere.
Eta beraz, non dago ikasleon hitza? Non unibertsitateko komunitatearen iritzia? Egon ziur, nahiz berriz ere unibertsitateetara polizia ekarri, edo beste edozein modutan gure hitza isiltzen ahalegindu, ez dugula etsiko.
Euskal ikasleria, gaur erakutsi bezala, indarrez dago. Eta bere eta herri honen aurkako edozein mehatxuren aurrean, hortzak erakusten jarraituko dugu orain eta aurrerantzean. Bologna prozesuari ezetz esan diogu gaur, eta esaten jarraituko dugu; fakultatez fakultate, ikastetxez ikastetxe, eta klasez klase.
Ikasle Abertzaleak