Piztiburua, lehoi emea oraingoan, bere diskurtso antzu eta pozoitsua zabaltzen hasi da orroaka. Astakume preso batek bere ezadostasuna agertzen hasi bezain laster, basapiztikume odolzaleak bere gainera oldartu dira otso gosetien gisa, bere gainera eta beste astakume preso eta ez-presoen gainera ere, une hartan harrapakina bertatik alde egin lezakeen esperantza nimiño bat zabaldu balitz bezala. Oraingoan astakumeak kantuan eta goraka hasi dira, mundu osoari haiek asto sentitzen direla eta bere astotasunaz harro daudela erakutsi nahirik, bai eta astotasuna defenditzeagatik krimenik egin ez dutela adierazi nahirik ere.
Piztiek, pizti izateagatik, pizti gisa jokatzen dute, eta bere piztitasunean ez dute onartzen harrapakina kantuan has lezakeenik. Izan ere Ekidazu herri kantaria da, eta Piztiagako piztiek bere piztikeria erakutsiz kantua ere zapaltzen dute; izan ere, haiek inoiz ez dute kantatzen garaipen kantuak ez badira, eta horiek ere txarto eta orroaka. Beraz astakume guztiak oihuka eta bultzaka gelatik kanpora bidali dituzte, ilunagoa eta ustelagoa den beste zulo batera batzuk, basapiztikumeez inguratutako kale hotz eta lugorrietara beste batzuk.
Azkenean bakea lortu dute. Astakume guztiak kanporaturik, piztiek bere garaipen sententzia zabalduko dute orroaka. Baina nori zabaldu ordea?. Haiek bakarrik geratu dira barruan. Orain ez dute ez kanturik ez asto aharrantzarik entzun beharrik, bakea lortu dute. Orain bakarrik daude kanposantuetako bake ederrean. Baina lehenago kobazuloan astrapalak egonagatik ere bakarrik zeuden, eta etorkizunean inoiz baino bakartiago eta isolatuago egongo dira, bakeaz gain justizia nagusituko baita gure lurretan, astasendiok aspaldi aldarrikatzen gabiltzan justizia.