Basordas senaia, Abra eta Astrabuduako hezegunea izango dira hizpide bihar Bizkaiko Batzar Nagusietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 20a, 21:38

Bizkaiko Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurumen Batzordeak bilkura egingo du ostiral honetan Bilbon, bertan Uribe Kosta eta Erandiorekin lotura duten gaiez luze arituko direla. Batetik, Iberdrolak daukan asmoa alde batera utzi eta Lemoizko zentral nuklearra kokatuta zegoen Basordas senaia eta ingurua "herritarren erabilera eta gozamenerako" eremua bilakatzea eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari Eusko Abertzale Ekintzak (EAE), arauz besteko proposamena (pdf) aurkeztuz. Bestalde, Alderdi Popularrak beste bi salori eutsiko die Ibaizabal itsasadarreko Abran itsas-hegaztietarako behatokia (pdf) eta Astrabuduako hezegunea (pdf) bere osotasunean berreskuratzea eskatuz, hurrenez hurren. Argazkian, Lemoizko zentral nuklearraren hondakinak.

Behin baino gehiagotan agertu du Iberdrola enpresak Lemoizko zentral nuklearra zegoen lekuan ziklo konbinatuko zentrala jartzeko asmoa. Eta ez dira gutxi izan aurkako aldarriak: aurretik ezker abertzaleak eta Eguzki, Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai kolektibo ekologistek egin bezala, ekainean Ezker Batua eta Aralarreko kideek beraien ezetza eman zuten. Oraingoan, Eusko Abertzale Ekintzak (EAE) jarri du gaia mahai gainean: "Osagai historiko handia duen gaia dela pentsatzen dugunez eta berriro bere garaian samin eta sufrimendu handia sortu zuen gatazka baten atarian aurkitu ahal garenez, hektarea guzti horiek erabilera eta jabego publikorako izan behar direla uste dugu", adierazi du Andoni Arriola EAEko batzarkideak. Gauzak horrela, bertan zer egingo den jakiteko, "eztabaida publikoa zabaltzea ezinbestekotzat" jotzen du alderdi ekintzaileak.

Ibaizabal itsasadarreko Abra

Areetako hondartzan, Lamiakoko paduretan, Leioan eta Abrako beste leku batzuetan, egunero-egunero normaltasunez bizi, elikatu eta atseden hartzen egoten dira ehundik gora hegazti espezie, finkoak zein migratzaileak, Arturo Ignacio Aldecoa PPko batzarkideak adierazi duenez. Ahateak, pelikanoak, zisneak, hainbat eta hainbat antxeta mota, ubarroiak eta beste hegazti batzuk, gure hiriguneetatik hur-hurrean itzelezko bioaniztasuna agertuz. Ordezkari popularraren iritziz, "Ibaizabal Itsasadarra Kantaurialdeko migrazio-ardatz nagusia da, jasan dituen aldaketa guztiak gora-behera. Horrek azaltzen du Abra inguru hori oraindik ere topaleku izatea hegaberentzat, ostreroentzat, kurlintentzat eta txirrientzat". Hain zuzen ere, "aberastasun hori gozatzeko, herritarrak ingurumen kontzientzian heziteko eta baliabide natural horri daukan balioa emoteko", Abran, "Areetako hondartzatik eta Lamiakoko marea-eremuko lokatzetatik hasita", itsas-hegaztiak ikusteko behatokiak eta horien gaineko informazio guneak sortzea eskatu die Getxo eta Leioako Udalei, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Alderdi Popularrak; baita eremu horiek babesteko neurriak hartzea ere.

Astrabuduako hezegunea

Leioa eta Erandio udalerrien artean dagoen Astrabuduako hezegunearen etorkizunaz ere kezkaturik dago PP. Aldecoak emandako datuen arabera, sei hektareatik gorako uholde zelai horretan, 52 landare espezie eta ornodunen beste 88 (6 arrain, 5 anfibio, 8 narrasti eta 18 ugaztun) inguru bizi da. Horien artean daude, arrain hiruarantza, apoarmatu korrontezalea (mauremys leprosa) eta bisoi europearra (mustela lutreola), besteak beste. "Itsasadarraren eremu natural horren berariazko balio guztiei erreparatuta eta kontuan hartuta inguru horretan ia ez dela geratzen landare edo fauna espezieen presentziarik, planteatu beharrekoa da hango gaitasun biologikoak, ekosistemak eta bioaniztasuna berreskuratzea. Inguru hori paperetan hezegunetzat aitorturik egon arren, izenean geratzen dira ekimenak; hori barik benetako ekintzak behar dira, eremua berreskuratuko bada", esan du Aldecoak. Gauzak horrela, Astrabuduako hezegunea "ondo zaindu eta daukan balioaren arabera aintzat hartzea" eskatu dio Aldundiari PPk; baita ingurumen heziketarako ikasgela jartzea ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun