Orain dela 10 urte, "Egin"en egindako sarrera judizialarekin abiatu zen sumarioaren, epaiketaren, epaiaren eta lan taldeak berak egindako lehenengo balantzea egin dute. Ferrerrek aitortu duenez, jakin badakite "kausa on" batengatik lan egin dutela, dozenaka pertsonari egindako injustiziaren aurka borrokatzea, oinarrizko eskubideen defentsa egitea, batez ere, Irailaren 11tik aurrera mundu mailan abiatutako eskubideen zanpaketaren uholdeari aurre eginez.
Inpotentzia
"Baina ez da nahikoa izan", aitortu dute, "inozoak izan garela" iritzi diote "epaiketa justua" egindako eskariak gogoratuz. Gaur egun ez ei dagoelako horretarako lekurik Espainiako epaitegi berezietan, eta "are gutxiago euskal gatazkarekin zerikusia duen inorentzat". Egun, auziperatuak "zer egin duen" galdetu beharrean, "nor den" eta "zer pentsatzen duen" dela epaileen itauna kexatu dira. Terrorismo kutsakorraren figura juridikoa asmatzera heldu direla salatu dute: "edonor, zu zeu, jakin gabe ere, ETAkoa bihur zaitezke. Ez dago armak erabili beharrik ETAkoa izateko". Horregatik, 18/98+ lantaldeak "hiritarraren hitza entzun beharrean akusatua etsaitzat hartu eta jazarten duen" Auzitegi Nazionalaren desagerpena aldarrikatu du; alderdi eta eragileei "martxoa baino lehen" auziari eta atzean dauden sumario guztiei erantzun sendoagoa ematea eskatu die; eta lan taldearen lana ere berrikusiko dutela iragarri dute: "bitarteko gutxi dituen hiritarren talde bat baino ez gara eta bitartekoak dituztenek lekukoa har dezaten gustatuko litzaiguke".
Babes zabala eta anitza
Besteak beste, Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohia, Luke Uribetxeberria EAJko legebiltzarkidea, Begoña Errazti EAko lehendakari ohia, Sabin Intxaurraga sailburu ohia, Batasuneko Mikel Etxeburu zuzendaritzakidea, Oskar Matute EBko legebiltzakidea, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea, Mertxe Colina ABko zuzendaritzakidea, Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkidea, Kepa Bereziartua, Juan Carlos Gonzalez EAEko presidente eta idazkari nagusia, Joxe Iriarte Bikila Zutikeko kidea, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren albokoa, Txutxi Ariznabarreta LABeko komunikazio arduraduna, Jesus Uzkudun EAEko CCOOko Lan Osasun arduraduna, Paul Nicholson EHNE sindikatukoa, Paul Rios Lokarriren koordinatzailea, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak, Enrique Villarreal "El Drogas" musikaria, Ramon Zallo, Petxo Idoiaga eta Francisco Letamendia "Ortzi" irakasleak eta makina bat pertsona esanguratsu izan dira Bilbon 18/98+ lan taldeari atxikimendua erakusten.