Erandio Landan arratsaldeko 6etan abiatuko da kalejiran Olentzero, abenduaren 23an, Goi Alde dantza taldearen eskutik. Hala ere, aurretik, puzgarri eta ludotekarekin gozatzeko aukera edukiko dute txikienek, Euskadi plazan. Horretarako ordua, goizez, 11:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara jarri dute. Kalejiraren ostean, berriz, Potxin eta Patxin pailazoek eskainitako emanaldia izango dute ikusgai neska-mutilek. Goi Aldeko egoitzan izango da saioa, 20:00etan. Egun berean, Altzagako kaleetan zehar ere ibiliko da ikazkin zaharra, 18:00etatik aurrera, Kilkirtxu Gaztetxoak taldeak antolatuta. Abenduaren 24an, astelehena, berriro ere Altzagan (Irailaren 23a plazatik abiatuta), eta Astrabuduan izango da Olentzero; Altzaga ikastola eta Trabudu dantzari taldeen eskutik, hurrenez hurren. Biak ala biak 18:00etan irtengo dira. Horretaz gain, hilaren 26tik 29ra tailerrak, puzgarriak, eskalada-murrua, arku-tiroa, jolasak, ludoteka eta globoflexia izango dituzte neska-mutilek Altzaga kiroldegian. Ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara. Eta, egun horietan, antzerkia, dantza eta pailazo ikuskizunak ere egongo dira, arratsaldero, 19:30etik aurrera. Azoka zaharrean egingo dituzte saioak eta sartzeko gonbidapena beharko da, Kultura Sailean jaso ahal izango dena, 9:00etatik 14:00etara.