Marije Fullaondo Batasuneko mahaikide algortarra espetxeratu egin dute Espainiako Auzitegiko Nazionaleko 5. Aretoko Baltasar Garzon (argazkian) epailearen aginduz. Garzonek ETAko kidea izatea leporatu dio asteartean Errigoitiko bere etxerako bidean
atxilotu zuten Fullaondori. Aurretik, baldintzarik gabeko espetxeratzea eskatu du Dolores Delgado Espainiako Auzitegiko Nazionaleko fiskalak, erakunde armatuko kide izatea eta delitua errepikatzea egotzita eta ihes egiteko arriskua dagoelakoan. Fullaondo ordu erdia eduki dute Garzonen aurrean, baina uko egin dio deklaratzeari. Asteartetik inkomunikazio egoeran izan da Fullaondo, familiak non zegoen ere ez zekiela. Berarekin 22 dira dagoeneko espetxean dauden Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak. Bitartean, gaur iluntzean, mobilizazioa deitu dute Algortan, aipatu atxiloketa salatzeko. Hitzordua, 20:00etan jarri dute, Telletxe plazan.