Bigarren eskuko liburu azoka egingo du bihar Sopelako Plaza Beltza elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 21a, 20:29
Bihar, larunbata, liburuek eta literaturak Sopelako Udaletxe Plaza hartuko dute goizeko 10etatik aurrera, Plaza Beltza kultur elkartearen eskutik. Izan ere, elkarte horrek Bigarren eskuko Liburu Azokatxua antolatu du toki horretan, irakurzaletasuna herrian eta eskualdean zabaltzeko eta herri liburutegia eta komunikazio-topagunea sortzeko. Asmo horrekin iazko Gabonetan lehenengo "azokatxua" antolatu zuten "arrakasta handiz" ehunaka pertsona bertatik igaro eta dozenaka eta dozenaka liburu erosi baitzituzten. Handik hona, hiru hilero antolatzen dabiltza aipatu azoka. Aipatzekoa da, material gehiena 1, 2 edo 3 eurotan eskura daitekeela eta ale bakan batzuek, entziklopedia liburukiak eta beste, bertan topa daitezkeen prezio garestienean daudela, 5 euro, alegia.
Gainera, kasu askotan liburuak auzokideek emandakoak dira eta zabaldu dutenez, "bigarren eskuko liburuak badituzue, ongi etorriak izango dira!" Elkarteak dagoeneko dozenaka bazkide ditu eta horrez gain informazio zerrenda osatu du. Horren berri izateko plazabeltza[abildua]euskalerria.org e-postara idaztea baino ez da egin behar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun