Preso politiko maputxeen eskubideak aldarrikatu dituzte Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 21a, 21:06

Gose greba dauden preso politiko maputxeei elkartasuna adierazteko eta Txileko Gobernuari preso horien eskubideak errespeta ditzala aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo, osteguna, Leioan dagoen Txileko Kontsulatuaren aurrean. Askapena erakunde internazionalistak eta Leioako Udondo gaztetxeak zabaldutako deialdiari erantzunez, 25 bat lagun bildu ziren "Gose greban dauden preso politiko maputxeekin elkartasuna! Marichiweu! Irabaziko dugu!" lelopean, preso maputxeei bere atxikimendua emateko asmoz. Kontzentrazioaren ostean, Askapeneko bi lagun (argazkian, erdian eta eskuman) Txileko kontsularekin (ezkerrean) bildu ziren eta "Txileko Gobernuak erakusten duen arduragabekeriagatik eta greban jarraitzen duten bi preso politiko maputxeen osasun egoeragatik" bere kezka azaldu zioten, erakunde internazionalistak jakinarazi duenez. Era berean, maputxeen eskaerak onartzea eskatu zioten. Bestalde, salaketa kanpainan parte hartzea eskatu diote euskal herritar orori, behean irakur daitekeen eskaera Kontsulatuko cchilebilbao[abildua]yahoo.es posta elektronikora igorriz.

Askapenaren oharra:

Gose greban dauden preso politiko maputxeekin elkartasuna! Marichiweu! Irabaziko dugu! izan zen kontzentrazioaren lema eta bertatik igaro zirenei maputxeek pairatzen duten egoera eta bereziki preso politikoen egoera latza azaltzen zituen esku-orria luzatu genien:

Maputxea Txile eta Argentina hegoaldean bizi den jatorrizko herria da. Espainiar konkistatzaileek ez zuten menderatzea lortu eta mendeetan elkarkidetza akordioak izan zituzten. XIX. mende hasieran, estatu berriak sortzearekin, eskubide guztiak galdu eta lurren okupazioa eta ustiaketa sufritzen dute ordutik. Enpresa transnazionalek, bertako basoak desagerrarazi eta pinu eta eukaliptoa landatu dituzte, zelulosa Japonia eta Europari saltzeko. Maputxea, lurraren jendea, lurreko fruituetaz elikatzen eta lurrarekiko lotura kosmologiko handia duen herria da. Egoera honek, arrisku bizian jartzen du beraien bizi ereduaren jarraipena. Andeen mendebaldean, Txileko estatuan, egoera jasanezina bihurtu da. Txileko Gobernuak zapalkuntzan parte hartze zuzena du, esku batez maputxeak egurtuz eta besteaz kontrolpean izango dituen sasi-laguntzak eskainiz. Baina beren eskubideak berreskuratzeko urratsak ematen hasi dira. Kultura eta hizkuntzaren defentsa, lurren berreskurapena...

Transnazionalen esku dauden lurrak okupatu, bereganatu eta ustiatzeagatik terroristatzat jotzen ditu Txileko Gobernuak, eta borroka honen ondorioz, bi dozena preso politiko maputxe daude egun Txileko kartzeletan. Orain bi hilabete, hauetako batzuk, gose greba mugagabe bat hasi zuten, hiru eskakizunetan oinarrituta:

- 1. Preso politiko maputxe guztien berehalako askatasuna.
- 2. Komunitate maputxeen desmilitarizazioa.
- 3. Komunitate maputxeen kontrako errepresioa etetea.

Azkenik, Txileko gobernuak, bi hilabete ondoren, negoziazio mahai batetan jesartzea onartu du. Haatik, Txileko Kontsulatuari eskatzen diogu, zapalkuntza honekin behingoz buka dezala eta gose greban dauden preso politiko maputxeen eskaerak onartu ditzala: Askatasuna, desmilitarizazioa eta errepresioaren bukaera. Baita ere, Euskal Herritik, gure erabateko elkartasuna eskaini nahi diegu, kartzeletan, kalean, basoetan eta mendietan borrokan dabiltzan maputxe guztiei. Duintasunez, estatuen eta transnazionalen erasoei aurre egiten dieten herrien arteko elkarkidetzak, herriz osatutako mundu aske eta justu batetara eramango gaituelakoan... Marichiweu!! Irabaziko dugu!!

Mobilizazioaren bukaeran, kontsulatura igo ginen, Kontsulari gutun bat emateko asmoarekin. Berarekin hitz egiteko aukera izan genuen eta gure ardura azaldu genion Txileko Gobernuak erakusten duen arduragabekeriagatik eta greban jarraitzen duten bi preso politiko maputxeen osasun egoeragatik.

Gutunak, bereziki, maputxeen hiru eskaerak betearaztea exijitzen dio Txileko gobernuari: preso politiko maputxe guztien berehalako askatasuna, komunitate maputxeen desmilitarizazioa eta komunitate maputxeen kontrako errepresioa etetea.

Kontsulak gutuna kanpo-arazoetarako ministeriora igortzearen ardura hartu zuen.

Gure aldetik, euskal herritar orori deia egiten diogu, e-postaren bidez, eskakizun berdina bidal dezaten kontsulatura, cchilebilbao[abildua]yahoo.es helbidera.

Askatasuna preso politiko maputxe guztiei!

Gatazkan diren eskualdeen desmilitarizazioa!

Komunitate maputxeek jasaten duten errepresioa eten!

Marichiweu!! Irabaziko dugu!!

Askapena
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun