Gaur eta datozen egunotan presoen aldeko hamaika hitzordu jarri ditu AAMk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 22a, 21:41

Inoiz baino euskal preso politiko gehiago dagoenean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egoerarekiko salaketa eta presoekiko elkartasuna plazaratzeko hainbat ekimenen berri eman ditu. Horrela, gaur bertan, azken hileotan burutu duen Parot doktrinaren aurkako zine-klubari amaiera emateko hainbat hitzordu jarri ditu Itzubaltzetako AAMk, tartean manifestazioa eta 21:00etan abiatuko den Astintzen eta Edan taldeen kontzertua. Ondoren, zozketak eta bideoak izango dira, tartean Josu Rodriguez eta Txomin Geruzagaren askatasuna ospatzeko aukera izango dela. Hain zuzen ere, gaur 22:00etan ere, bi lagun horiei egingo diete lehenengo harrera Algortako Amnistia tabernan. Bestalde, astelehenean, hilak 24, eta Olentzeroren etorrera dela eta hainbat ekimen burutuko ditu AAMk. Besteak beste, 19:00etan Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkartetik abiatuko den Olentzerorekin kalejira egingo dute. Egun berean, baina arratsaldeko 5etan, Olentzero Leioako Kurkuditik igaroko da eta berarekin abestera deitu du Leioako Askatasunak, ahal bada baserritarrez jantzita. Algortan, berriz, Algortako Olentzero Batzordearen ekimenak babestea da AAMren ohitura. Argazkian, Itzubaltzeta / Romon iaz hainbat solidariok egindako ekintza.

Egun horretan, besteak beste, honako ekitaldiak antolatu dituzte: arratsaldeko 5etan Olentzeroren kalejira Benantziotik hasita; ordu bat beranduago, Olentzerok opariak banatuko ditu Villamonten: txokolatea eta gaztainak, bertsolariak eta euskal dantzak; eta 20:00etan, txalaparta, bertsolariak, abesbatza, Olentzeroren kondaira kontatzea, aurreskua eta Olentzero erretzea izango da Txiki eta Otaegi plazan.

Azken urteko ostirala

Handik eta egun batzuetara, abenduaren 28an, Etxeratek antolatutako urteko azken ostirala izango da eta Anjel Figueroaren osasun egoera eta askatasun beharrari buruzko ekimen berezia izango da. Uribe Kostan zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Elkarretaratzearen ondoren, Algortako Amnistia tabernan eta Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan presoen aldeko taloak egingo dituzte, eta Algortan, gainera, 22etatik aurrera presoen aldeko jaia izango da.

Bestalde, abenduaren 31n, urte zaharrarekin batera, hainbat ekimen izango dira. Azkenik, oraindik ez dago zehaztuta Rodriguez eta Gezuragari ongi etorria noiz egingo dieten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun