Algortan, berriz, auto karabanan etorritako autoek behartu zuten Sarrikobaso kalea trafikoari ixten eta errepide horretan AAMko bozeramaileek adierazi zuten orain arte Rodriguez eta Gezuragarengatik izan duten kezka, oraindik beste atxiluengatik dutena. Ondoren, Jagona Terrones eta Marian Perez del Rio preso ohiek lore sorta bana eman zieten urriaren 16an atxilotu eta atzo kaleratutakoei, Gezuraga guztiz hunkituta zegoela. Aurreskuaren ostean, Itxaso Paya bertsolariak bi bertso abestu zizkien. Lehenengoan horrela hasi eta bukatu zuen: "Garai tristeak igaro dira / azken hilabeteotan / (...) / Halere zer ospatua / badaukagu gaur Algortan / Falta direnak ekarri arte / jarrai dezagun borrokan". Bigarrenean, ordea, Olentzerori gutuna bidali baino lehen oparia jaso izana bezala zegoela azaldu ostean "(...) asko falta dira baina / eutsiko diogu horri / (...) guztion partez / bihotzez ongi etorri" harrera egin zien bi gazteei.
Oraindik preso daudenei lore eskaintza
Ondoren, txanpainaren ordua izan zen, eta "barruan eta erbestean daudenak zein bere lagun eta senitartekoak" gogoan, botilak ireki eta brindisa egin zuten. Preso politikoen senitartekoentzat hitz berezi batzuk izan zituzten AAMko kideek: "ahal den heinean, festak ospatu eta borrokatzeko". Bestalde, "errepresio garai" honentzako "konponbide bakarra Euskal Herriak bere independentzia eskuratzea dela" irmo defendatu zuten.
Hori esanda, askatutako gazteek hitz egin zuten seirehun bat begi adi zituztela. Rodriguezek eskertu zuen harrera, presoen borroka babestera deitu eta Euskal Herriaren asakatasuna aldarrikatu zuen. Gezuragak berriz, "barruan gelditu direnen alde eta gure herriaren eskubideen alde lan egitera" animatu zuen bertaratutakoak. "Eusko gudariak" abestuta, Amnistia tabernan sartu eta Gezuragak eta Rodriguezek beren argazkiak batu zituzten. Alde egin aurretik, loreak jarri zituzten Getxo udalerriko presoen argazkietan.