Joseba Goñi "Herria 2000 Eliza"-ko kidea hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 27a, 12:15

Joseba Goñi Alzueta, "Herria 2000 Eliza"-ko kidea hil zen herenegun, Gabon egunean, Getxon, 66 urte zituela. Berria.info-k jakinarazi duenez, gaur egingo dute bere aldeko hileta elizkizuna Getxoko Andra Mari elizan, arratsaldeko 7etatik aurrera. "Herria 2000 Eliza" aldizkariaren zuzendari izan zen urteetan Goñi, 1980tik aurrera, eta Goienetxe estartako bere etxea hamaika urtez erabili zuen aldizkariaren egoitza gisa. Hori eta Nati Antuñanorekin ezkondu eta lau seme-alaba izan baino lehen, abade izan zen Goñi. Bere bizitzan zehar, hainbat herri ekimenetan ere parte hartu izan du: NATOren kontra, autodeterminazioaren alde, torturaren aurka, Europa Herrietako Oinarriko Kristau Elkartean... 2006ko uztailaren 5ean, Zumalabe Fundazioari buruzko zatia dela-eta, 18/98 auzian deklaratu zuen defentsaren lekuko gisa, Madrilgo Casa del Campon. Bestalde, Berangoko sarreran dagoen gasolindegiaz arduratzeagatik ere ezaguna zen eskualdean. Argazkian, Goñi "Herria 2000 Eliza"ren 25. urteurreneko Foroetan, 2003an, Bilbon.

Goñi "Herria 2000 Eliza"n zela, "Euskadi. La Paz es posible" liburua atera zuten; indarkeriaren jatorria eta zergatien inguruan aldizkarian argitaratu izan zituzten artikuluen bilduma zen liburua. "10.000 ale baino gehiago saldu ziren, eta azkenik Espainiako Gobernuak bahitu egin zuen. Kontua da bortxakeriaz joera guztietako iritziak batzen zituela", zioen Goñik berak 1987an Laura Mintegik "Argia" astekarirako egin zion elkarrizketan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun