Tortura kontatzean gizakia subjektu bihurtzen delako berriro; nahiz eta torturatzaileek akabatu nahi pertsona izatea, nahiz eta esan "gure eskuetan zaude eta ez duzu zer eginik", nahiz eta inpotentzia sentimendua erraietaraino sarrarazi, pairatutako guztia ahots goran kontatzen denean, torturatuak utzi egiten dio torturatzaileen objektu izateari eta duintasuna erakusten du; gorputza zatitu nahi izan bazaio ere, tinko mantendu duelako gogoa, osorik.
Torturaren helburua ez da informazioa ateratzea, ezta autoinkulpazioak lortzea, nahiz eta "praktikoak" izan epaiketan erabiltzeko.
Torturaren helburu nagusia da etsaia delimitatzea, zedarritzea, finkatzea. Tortura arma politikoa da, eta politikoki izan da erabilia beti, hemen eta Pekinen, orain eta antigoalean, estatuen eta talde paramilitarren bidez, gizonen eta emakumeen aurka. Etsai politikoa torturatzen da, ez iruzur ekonomikoa egin duen lapurra.
Torturak mezu zuzena ematen dio torturatuari eta beronen kolektibo osoari: "nik daukat boterea, nik nahi dudana eta nahi dudan unean egin dezaket; ez duzu laguntza inori eskatzerik, ez duzu babesik, lege bakarra nire legea da, borondate bakarra nire borondatea da eta zu ez zara inor, ez zara ezer".
Mezu horren indarra apurtzen da torturatuak kemen nahikorik biltzen duenean gertatutakoa azaltzeko. Kontatutakoan umiliazioa adore bihurtzen du. Errudun sentipena kuraia bilakatzen du eta gizaki zatikatua osatu egiten da berriz. Adieraztera ematen du ez dela lotsatzen bere gorputzarekin egindakoagatik; lotsa sentitu behar duela bortxatzaileak, ez bortxatuak. Biktima inoiz ez dela zigorraren eragilea.
Tortura kontatzearen ausardiak ezabatu egiten du torturaren mezuetariko bat. Beste mezua ezabatuko litzateke tortura zigortuko balitz, hau da, "legea ni naiz" mezu ankerra judizialki baliogabetzerik balego. Tortura epe laburrean desagertuko litzateke, boterea dutenek adieraziko balute ez dutela inola ere onartuko, ez baitago gobernurik tortura errotik ezabatu ezin dezakeenik.
Torturatzaileak gobernuen langileak dira, soldatapekoak, nagusiek agindutakoa betetzen dute. Soldata kenduz gero, kaleratu, epaitu eta zigortuz gero, torturatzaileak desagertuko lirateke de facto. Baina hori ez da gertatzen, gobernuek aho txikiaz gaitzesten dutelako eta, praktikan, berataz baliatzen direlako helburu politikoak gauzatzeko.
Laura Mintegi idazleak gaur "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua