Aner Mimenza, Asier Tapia eta Borja Urberuaga euskal preso politikoei "hertsapen edo mehatxu terroristen delitua" leporatzea aztertzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegi Nagusiko Fiskaltza eta epailea, Espainiako Barne Ministerioak horrela eskatuta. Vocentoko hedabideak diren Colpisa albiste-agentziak, lehenengo eta "El Correo Español"-ek, ondoren, zabaldutakoaren arabera, hiru presoei Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendariari "hiltzaile" eta "dispertsioaren arduraduna" deitzea egozten diete. Gainera, isolamenduan egoteaz gain, jarduera kolektiboetan parte hartzea ukatuko diete kontrakoa jakinarazi arte. Momentuz, Mimenzaren senideek jakinarazi dutenez, preso getxoztarrak Auzitegi Nazionaletik berririk ez du izan eta kartzelak jarritako bi falta larrien agiria baino ez du jaso, horregatik 21 egun pasa ditzakeela isolamenduan. Dena den, laster errekurrituko du. Mimenza, Tapia eta Urberuaga Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kideek Espainiako hainbat politikari eta kargudunen aurrean, euren eskubideen aldeko eta sakabanaketaren aurkako bat-bateko protesta burutu zuten abenduaren 20an.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!