Martxoaren 27an, sartu aurretik "inoiz baino miaketa gogorragoa" egin zioten Lander Labajoren neskalagunari Askatasunak azaldu duenez. "Bukatutakoan, preso algortarra miaketa gelara eraman zuten, eta azkenerako utzi zuten. Bost funtzionario sartu ziren zuzendariaren diligentzia bat erakutsiz: guztiz biluzteko agindua", gaineratu dutenez. Labajok, baina, bata eskatu zuen, eta biluzketa burutu zen eta ez zuten ezer aurkitu, iturri berberen arabera. Ondoren, x-izpiak pasatzeko prest zegoen ala ez galdetu zioten, eta algortarrak ezetz. Hortik erizaindegira eraman zuten, eta hutsik zegoen gela batean sartu, ordu betez bera bakarrik, funtzionario bat atearen atzean. Kamara txiki bat ikusi zuen gelan. Gaueko 10etan, Aranjuezeko epaitegiko idazkariak epailearen agindu bat erakutsi zion. Handik, furgoneta batean, Gregorio Marañon ospitalera eraman zuten, x-izpien bidez erradiografia egin zioten. "Goizaldeko 1:35 ziren espetxera heldu orduko. Erizaindegira berriro, erradiografiak aztertu zituzten, eta ziegara bidali zuten Lander", errepresioaren aurkako erakundeak amaitu duenez.
Labajo eta beste hainbat presori orain gutxi gertatutakoa "espetxe politika ezin bortitzagoaren adierazpenatzat" jo ditu Askatasunak. "Azken asteotan egoera guzti hauei (gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten egoera, bizi arteko zigorra, sakabanaketa, bakartzea...) miaketekin gertatzen ari dena gehitu behar zaie. Miaketa oso bortitzak ematen ari dira, bai presoei beraiei zuzenean egindakoak, bai eta beraien ziegetan funtzionarioak burutzen ari direnak, ziegak hankaz gora utziz, gauzak apurtuz...", salatu dutenez.