Gaur, maiatzak 7, ikertzaileen prestakuntzarako 2,5 milioi euroko laguntzak onartu ditu EHUko Gobernu Kontseiluak. Batetik, doktorego programen bidez unibertsitate titulua dutenen prestakuntza sustatu nahi dute. Bestetik, jakintza zientifikoaren edozein arlotan doktorego tesiak egitea bultzatuko dute, doktoratu aurreko bekak emanez eta praktikaldiko kontratuen bidez. Hartara, laguntzak beka berriak emateko izango dira, baita aurreko deialdietako bekak berritzeko ere, betiere bekadun horiek aurkeztutako txostenek ebaluazioa gainditu badute, EHUko iturriek adierazi dutenez. Halaber, dirua emango diete praktikaldiko lan kontratua egiteko bi urtean beka jaso eta Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu dutenei. Dirulaguntza berri hauei batu behar zaio Gobernu Kontseiluak apirileko bileran onartutako 2,5 milioi euroko inbertsioa, ikertzaileei zuzendutako hiru deialdi aurrera eramateko. Zehazki, 900.000 euro emango dituzte doktoreak espezializatu eta horiek unibertsitateko ikerketa-taldeetan sar daitezen, kontratazioa sustatuta; 600.000 euro ikertzaileen joan-etorriak finantzatu eta ikerketaren emaitzak hedatzeko; eta, azkenik, milioi bat euro EHUko ikerketa taldeentzat. Argazkian, besteak beste, Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile-talde honek Aldaietako nekropoliaren (Araba) historia biologikoa berregiten ari da, antzinako ADNa aztertuz.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!