Getxoko Udalbatzak, PP eta PSE-EEren botoekin, onartu egin zuen behin-behinekotasuna alboratzeko beste 30 udaltzain behin betiko lanpostuak sortzea eta Udaltzaingoaz arduratuko lirateek negoziazio mahaia. Dena den, Pertsonal Arloko eskuduntzak Udal Gobernuarenak direnez, litekeena da lanpostu eskaintza eta kontratazio mahaia aurrera ez egitea. EAJk eta EBk uko egin zioten mozioa onartzeari. Ezker Batuari dagokionez, "udal langileen lanari buruzko balorazioak Udalbatzara ekartzea ez baita zuzena", eta horrelako gaiak Udal Negoziazio Mahaian eztabaidatu behar direlako. Gainera, Urkiza zinegotziak ukatu egin zuen sindikatuek mozioarekin bat egin zutenik.
Luis Almansa PSE-EEren bozeramaileak, berriz, Udal Negoziazio Mahaian oposizio taldeei sarbidea ez emateagatik gertatzen direla horrelakoak argitu nahi izan zuen. Kepa Miñanbres jeltzaleak, ordea, udaltzainen lana eta egoera defendatu zuen, iaz kaleratutako inkestetan oinarrituz. Haien arabera, getxoztarrek 8,35 puntuazioa eman zieten atsegintasuna, profesionaltasuna, arintasuna eta jarduera kontuan hartuta. Era berean, %88'08k ondo jo zuen udaltzainek emandako zerbitzua eta %89k zioen Getxo inguruko herriak baino seguruagoa dela. Bestalde, trebakuntza gabezirik ez dagoela esan zuen Miñanbresek, behin behineko lau poliziek bazeukatelako formazioa aurretik eta beste bostek Bilboko Udaltzaingoan formatu egin direlako. Bestalde, zuzendari lanpostua politikoa baino teknikoa dela azaldu zuen, lanpostu hori karrerako funtzionario batek betetzen duela, eta gainera bi epaiek horrela aitortzen dutela. Ez zuen ukatu sententzia horiek errekurrituta daudela. Azkenik, 300 ordutako afera ukatu zuen. Imanol Landa alkateak gainera, kontraesanez jokatzea leporatu zien PP eta PSE-EEri aurrekontuetan eragin handia, "urteko 845.000 eta 950.000 euro bitarteko kopurua", izango duen lanpostu deialdia onartu nahi izateagatik, egun berean Udal Gobernuak aurrekontuarekin lotura zuten gai guztiak baztertu zituztenean.