Matematiken Olinpiadako lehen fasea izango da bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 17a, 14:51

Matematiken 44. Olinpiadako lehenengo fasea (eskualde mailakoa) egingo da ostiral honetan, urtarrilak 18, EHUko Leioa eta Erandioko campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko 1P13SG ikasgelan, goizeko 9:30etik aurrera. Horretaz gain, aurten lehendabiziko aldiz, Arabako eta Gipuzkoako campusetan ere izango dira probak, Gasteizko Las Nieves ikasgelategian (203. gela) eta Donostiako Ignacio Maria Barriola eraikinean (1.3A ikasgela), hurrenez hurren. Matematiken Olinpiada Espainiako Matematika Elkarteak antolatzen du, eta lehen fase honetan, 2007-2008 ikasturtean Batxilergoan matrikulaturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasle guztiek parte har dezakete. Fase honetan lehiakideek hiru problema ebatzi beharko dituzte goizean (9:30etik aurrera) eta beste hiru arratsaldean (15:00etatik aurrera). Saio bakoitzean hiru ordu izango dituzte hiru problemak ebazteko. Frogak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke, eta idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin dira erabili, hau da, kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak debekatuta daude. Argazkian, iaz EAE mailan bigarren izan zen Leioako Gaztelueta ikastetxeko Guillermo Imaz Ducasse. Espainia mailan, ordea, ez zuen dominarik eskuratu.

Lehenengoak 380 euro jasoko ditu; bigarrenak, 285 euro; hirugarrenak, 220 euro. Gainera, hirurak bigarren fasera (Espainia mailakora) igaroko dira; Valentzian izango da, martxoaren 27tik 30era bitartean. Bigarren fase horretan lehenengo sei sailkatuei urrezko domina eta 750na euro emango dizkiete, eta gainera nazioarteko talde olinpikora pasatuko dira, Nazioarteko 49. Matematika Olinpiadan lehiatzeko, uztaileko lehen hamabostaldian, Madrilen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun