Badabiltza Salsiduko arrapala mekanikoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 26a, 23:36

Salsidu kaleko arrapala mekanikoak, Algortako beheko aldea goikoarekin lotzen dutenak, ostiral (ekainak 20) eguerdiaz geroztik dabiltza, Imanol Landa alkatea eta beste udal agintari batzuren presentzia izan zuen inaugurazio ekitaldia egin eta gero. Horretan 1,8 milioitik gora euro gastatu ditu Getxoko Udalak eta Irisgarritasun Udal Plangintzaren harira gauzatu da, tokiko agintariek nabarmendutakoaren arabera. Planaren helburu nagusia da mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei kalean aurkitu ohi dituzten hesi eta oztopoak kentzea. Alkateak, arrapalen inaugurazio ekitaldian adierazi zuenez, “gaur egun pozgarria da inguruko auzokideentzat arrapala hauek ibiltzeak Salsiduko aldapa bezalako hesi arkitektoniko natural bat gainditzea dakarrelako eta era berean, Algortako erdigunera eta garraiobide publikoen erabilera sustatu eta metrora iristeko bidea errazten duelako”. Dagoeneko Udalak egin ditu antzeko beste lan batzuk Algortan, Bidezabalgo arrapalak eta Ereagako igogailua kasu. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia ostiraleko ekitaldian / Ilanda.eu.

Salsidu aldean urte eta erdi pasatxoko lanak egin eta gero –Landak azaldu zuenez, atzerapen txiki batekin amaitu dira instalazioa bera legalizatu beharragatik eta sistema elektrikoan izandako akats batzuengatik– bederatzi zatitan banatutako alfonbra mekaniko 220 metro lineal jarri dituzte. Lehenengo bi zatiak Makaletako-Ollarretxe eta Iturgitxi kaleen artean ipini dira. Ondorengo hiruak Iturgitxi eta Kasune kaleen artean daude kokatuta. Beste hiru arrapala gehiago Kasunetik Illetara arte doaz; eta, azkenik, azkeneko bi tarteak Illetatik Bolue kaleraino. Arrapala mekanikoak goizeko 7etatik gaueko 11ak arte ibiliko dira. Zaintza sistema eta Udaltzaingoko zerbitzari batean zentralizatuta dagoen teleagingailu sistema bat jarri dizkiote. Hartara, behar izatekotan, Udaltzaingoak bere egoitzatik bertatik gelditu edo martxan ipini ahal izango ditu arrapalak. Gainera, hormigoi armatuzko hesia dute alboan oinezkoak autoetatik babesteko.

Zirkulazioari dagokionez, noranzko bakarreko bidea izango da igotzeko eta Ollarretxe-Makaletako eta Gaztelumendi-Iturgitxi arteko tartean lerroan aparkatzeko gunea utzi dute. Arrapalekin batera, Salsidu kalean beste lan batzuk egin dira: berbarako, 2 metrotik gorako zabalera duten espaloi berriak atondu dituzte, oinezkoentzako pasabideetan eta gune berezietan botoidun baldosak dituztela, indarraldian dagoen irisgarritasunaren ganeko legediak agintzen duena betez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun