Anjel Figueroaren askatasuna aldarrikatu eta Natividad Junkoren hilketa salatuko dute iluntzean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 28a, 18:01

Urteko azken ostiraleko mobilizazioekin bat eginez, Etxerat elkarteak gaurko, abenduak 28, deitutako mobilizazioan bat egitera deitu ditu auzotarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Preso gaixoen askatasuna aldarrikatzea izango dute ardatz iluntzeko protestek. Kode Penalaren 92. artikulua aplikatuz, gaixotasun larriak dituzten gainontzeko euskal preso politikoak eta Anjel Figueroa algortarra bera ere kalean uztea eskatuko du auzotar ugarik azaroaren 17an abiatutako ekimenak. Horrenbestez, manifestazioa deitu dute, 20:00etatik, Algortako Telletxe plazatik abiatuta. Horretaz gain, sakabanaketa politikarekin amaitzeko aldarrikapena eta horrek azken egunetan izan dituen ondorio tamalgarrien aurkako oihuak ere kalean izango dira. Mobilizazioetan Natividad Junko Terueleko kartzelara bidean izandako auto istripuaren ondorioz hildako Unai Gonzalez preso politiko gasteiztarraren amaginarrebari ere gorazarre egingo diote. Argazkian, azaroaren azken ostiralean Telletxen jarritako pankarta erraldoia.

Hilero bezala, gaurko, urteko azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak Euskal Herri osoan. "Gaixoak eta espetxe zigorra bete dituztenak askatu! Euskal Presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe!" aldarrikapen nagusiaren harira, Uribe Kostan zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Elkarretaratzearen ondoren, Algortako Amnistia tabernan eta Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan presoen aldeko taloak egingo dituzte.

Hurrengo egunetan

Inoiz baino euskal preso politiko gehiago dagoenean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimendua egoerarekiko salaketa eta presoekiko elkartasuna plazaratzeko hainbat ekimen egiten ari da. Horrela, gaur bertan izango den urteko azken ostiraleko elkarretaratzeekin batera, presoen aldeko jaia antolatu dute, 22:00etatik aurrera, Algortako Amnistia tabernan.

Eta hurrengo egunetan:

Abenduak 30, igandea
Basaurira martxa.

Abenduak 31, astelehena
12:00 Kontzentrazioak herri guztietan.
19:00 Algortako Amnistia tabernatik hasita, presoen aldeko bertso-triki-txikiteoa.

Urtarrilak 5, larunbata Denok Belodromora!
Autobusak egongo dira Uribe Kosta eta Erandion. Eman izena ohiko lekuetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun